Izen-emateetan funtzionamendu ona bermatzea eskatu du EAJ-k
Atzo goizean kiroldegietako urteko azken hiruhilekoko ikastaroetako izen-emateak ireki ziren. Eskari handiagatik, webgunea kolapsatu zela adierazi du EAJ-k eta etorkizunera begira hobekuntzak eskatu dituzte sisteman.
Atzo, Artaleku eta Azken Portu kiroldegiak kudeatzen dituen BPXsport enpresak urteko azken hiruhilekoko ikastaroetan izena emateko epea ireki zuen. Inskripzioak osatzeko, enpresa esleipendunaren webgunea erabili zela jakinarazi du Irungo EAJ-k, eta ekainean gertatu bezala, “arazoak” izan zirela salatu du alderdi jeltzaleak.
Izena emateko epea atzoko 08:00etan ireki zen, eta eskari handia zela eta, BPXsport enpresaren webgunea “kolapsatu” egin zela adierazi du EAJ-k. Kolapso horrek “itxaronaldi luzeak” eragin zituela baietsi du Irungo alderdi jeltzaleak, eta “blokeoaren” ondorioz, “erabiltzaile batzuk plazarik gabe” geratu zirela gaineratu dute.
“Egoera horren aurrean, eta proposamenak egiteko jarrera guztiarekin”, EAJ-k uste du izen-emateak egiteko izan den irizpide aldaketa “aurrerapen handia” izan dela, “betiere behar bezala kudeatzen bada”.
Hori dela eta, EAJ-k udal gobernuari eskatu dio “estres proben bidez” gainbegiratzea webgunearen gaitasuna, herritarrei bermatzeko webgunea ez dela “eroriko edo kolapsatuko”.
Atzoko lehen orduan webgunea kolapsatu bazen ere, bi ordura normaltasunera itzuli zen prozesua. Hala ere, jeltzaleek Tokiko Gobernuari eskatu diote “izena emateko sistema hobetzeko” jardun dezala, eta etorkizuneko izen-emateak “errazak, arinak eta zuzenak” izan daitezela.