Positiboa izan da itzulera operazioaren balorazioa
Itzulera operazioa positiboki baloratu du José Antonio Santanok Irungo alkateak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Udaltzaingoaren ordezkari Cristina Labordarekin batera, Udalak uda honetan itzulera operazioaren harira egindako lanaren balantze positiboa egin du. Iaz, autobideko ilarak zirela eta, aurten Udalak neurriak hartu zituen buxadarik ez sortzeko.
Santanok adierazi du neurriak eraginkorrak izan zirela eta erdigunean ez zutela auto ilararik izan. “Udaltzaingoak gainontzeko administrazioekin koordinatuta egin zuen lan onaren emaitza izan zen hori, eta, horregatik, goraipatu eta eskertu egin nahi dut”, esan du alkateak.
Udalaren plana hamar egunekoa izan zen, abuztuko bigarren hamabostaldian jarri zena martxan. Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin eta Bidegirekin koordinatuta, bidean ematen den informazioa hobetu zuten. Gainera, autobidean ilara luzeak sortzen zirenean, Oñaurreko lotune erdia isten zuten, eta Europa iparralderantz zihoazen ibilgailuak autobide edo saihesbiderantz desbideratzen zituzten Irunen ez sartzeko.
Hemeretzi agente egunean
Neurri horiek hartzeaz gain, zebra bide batzuk bateratu zituzten, eta Behobiako eta Iparralde hiribideko semaforoen erritmoa aldatu zuten zirkulazioa arintzeko. Horretarako, beharrezkoa izan zen hiriko sarreretako tokietan udal agenteak kokatzea. Bertan, lehentasuna Irun aldera zetozen ibilgailuei eman zieten, eta Europa iparralderantz zihoazen ibilgailuei ez zieten hirian sartzen utzi.