Haur literatura, Girabiraren hirugarren saioko protagonista
Egitasmoaren hirugarren jardunaldia egingo da igande honetan Soroxarta parkean, 12:30etik aurrera. Bertaratzen diren guztiek haur literaturaz gozatzeko aukera izango dutela adierazi du udalak.
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, igande honetan, hilak 17, Girabira egitasmoaren hirugarren saioa egingo da Soroxarta parkean, 12:30etik aurrera. Girabira programak Irungo familiak hiriko parkeez gozatzera animatu nahi ditu, jardunaldi tematikoak antolatuta. Hirugarren topaketaren protagonista haur literatura izango da.
Jende guztiari irekita dagoen jarduera dela adierazi du Irungo Udalak, eta Soroxartara bertaratzen diren guztiek haur literaturaz gozatzeko aukera izango dutela gaineratu dute.
Hona hemen jardueren ordutegia:
- 12:30: Jardunaldiaren hasiera. Bertaratzen direnek ‘Letrekin Dantzan’ jardueraz gozatu ahal izango dute. Haizea Loira Matxiñenak kontzertu bat eskaini eta bost ipuin musikatu kontatuko ditu.
- 13:30: Piknik musikala Fribotiken eskutik.
- 14:30-16:30: Haurrentzako tailerrak Artean Espazioa, Jon Saenz del Castillo eta Marte Laborategiaren eskutik. Liburu denda, liburutegia eta egurrezko jostailuak La Grande Illusionen bidez.
“Proiektuaren nortasunari lotutako elementua indartzeko”, parkera joateko asmoa duten familiei bazkaltzeko mantak eta piknika eramatea eskatu diete antolatzaileek.