[Bideoa] Denboran iraun behar duen argazkia
Historian lehenengoz Hondarribiko alkate batek harrera egin dio Jaizkibel konpainiari elizaren atarian.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak harrera egin dio Jaizkibel konpainiari, elizako eskaileretan. Une historikoa izan da. Lehen aldiz egin dio herriko agintari nagusi batek oles konpainia parekideari. Gaurko egunaren aurretik Abotsanitzek esana zuen zubiak eraikitzeko bideari ekin diotela, “inor beste aldean ez uzteko, emakume izate hutsagatik atzean ez uzteko”. Bazterketa enpatiaren kontrako mekanismoa dela erantsi zuen taldeak, “modernitateak indibidualismoa goraipatzen” duela, “komunitatea deuseztatu eta gure artean arrotzak bilakatuz”. Testuinguru horretan gorroto diskurtsoen aurrean enpatia eta maitasunarekin erantzutea “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela ere esan zuten. “Elkar ez ezagutze horrek bazterketarako joera indartzen du, parekoaren inguruko irudi desitxuratuan sakontzen duelako. 27 urtez horrela jokatu dugu, elkar errekonozitu gabe, jabetu gabe guztiok maite dugula gauza bera: alardea”. Gaur, esandakoa, praktikara eraman dute. Eliza atariko argazkiak hori azaldu du. Bada bidea aurretik, ordea.
Elizan ondoan izan ditu Enparanek besteak beste Eider Mendoza ahaldun nagusia, Manuel Lezertua Arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea, Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako presidentea, eta Hondarribiko Udalbatza osatzen duten alderdi ia guztietako (Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE; EAJkoak ez) ordezkariak. Hori ere keinua. Denboran iraun behar duena.
Udaletxean, berriz, askoren artean, honakoak: EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Mertxe Aizpurua; Miren Gorrotxategi (elizan ere izan da), Miren Etxebeste eta Maite Gartzia Elkarrekin Podemosekoak; Ezker Anitza-IUko Arantza Gonzalez… Jaizkibelen lagun asko aurten ere udaletxean.
Keinuen alardea izaten ari da gaurkoa. Horiek balio dezatela dozenaka urtez ia aurrera urratsik egin gabe izan den gatazka konpontzeko hondar aleak.
Ondoko bideoan, Jaizkibel konpainia, Kale Nagusian behera Arma Plazan deskarga egin ondoren. Sainduako irudiak ere daude bertan.