Larunbatean ezagutaraziko dira Irun Hiria Kutxa Literatura Sarietako irabazleak
Literatura lehiaketako 45. ekitaldia izan da aurtengoa eta irabazleak Irungo udaletxean ezagutaraziko dituzte, 13:00ean. Orotara, 70.000 euro banatuko dituzte saritan.
Larunbat honetan, hilak 9, Irun Hiria Kutxa Literatura Sarietako 45. ekitaldiko irabazleak ezagutaraziko dira Irungo udaletxean, 13:00ean. Aurtengo lehiaketara 331 lan aurkeztu dira: euskarazko 21 eleberri, euskarazko 17 poesia, gaztelaniazko 182 eleberri eta gaztelaniazko 111 poesia. Sari banaketa ekitaldia, aldiz, azaroaren 24an izango da, Amaia Kultur Zentroan.
Parte hartzeari dagokionean, obra gehienak Euskal Herritik jaso dira. Euskal Herritik jaso diren lanen %70a Gipuzkoatik iritsi dira, eta euskaraz aurkeztu diren lanen %65a ere Gipuzkoatik dator.
Orotara, 70.000 euro banatuko dira saritan: 20.000 euro eleberriaren modalitatean, eta 15.000 euro poesian. Horrez gain, saritutako lanak editatu eta argitaratu egingo dira, eta epaimahaiak beretzat gordeko du aipamen bereziren bat egiteko eskubidea.
Honakoa da Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien epaimahaia:
- Euskarazko eleberria: Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde eta Arantza Urretabizkaia.
- Euskarazko poesia: Lourdes Otaegi, Ibon Egaña eta Felipe Juaristi.
- Gaztelaniazko eleberria: Luisa Etxenike, Aixa de la Cruz eta Jon Bilbao.
- Gaztelaniazko poesia: Manuel Rico, Antonio Colinas eta Raquel Lanseros.