Fran Justo: "Porrot baten ondoren garrantzitsua da lehenbailehen puntuak batzea"
Real Unionek sasoiko hirugarren partida jokatuko du igandean Galen Rayo Majadahondaren aurka, 19:30ean. Iragan igandean Bartzelonaren aurka galdu ondoren, garaipenaren bidera itzuli nahi du Fran Justok.
Real Union lehiara itzuliko da igande honetan. Txuri-beltzek Rayo Majadahondaren aurka jokatuko dute Galen, etxean, 19:30ean, ligako hirugarren jardunaldian. Irundarrek estreinako partida irabazi bazuten ere (Real Union 2-1 Sabadell), ligako bigarren jardunaldian Bartzelona B-ren aurka galdu zuten Katalunian (2-1). Hortaz, jokoan egon diren sei puntuetatik hiru eskuratu ditu talde txuri-beltzak. Rayo Majadahondak, aldiz, jokatutako bi norgehiagokak berdindu ditu eta sasoiko lehen garaipena bilatuko dute Galen.
Igandeko partidaren atarian, Fran Justo entrenatzaileak nabarmendu du porrot baten ondoren “garrantzitsua” dela “lehenbailehen puntuak batzea”, eta hirunaka bada, “askoz hobe”. Denboraldia hasi berri da, hasi besterik ez da egin, baina txuri-beltzen prestatzaileak baietsi du “bide onean” daudela: “Bide onean gaude. Denboraldiko une batean sentsazioak eta moduak garrantzitsuak badira, denboraldi hasieran da. Eraikitzen ari garen talde bat garela jakinda eta lortu nahi dugun prozesua hasten ari garela jakinda, uste dut bide egokian gaudela”.
Real Unionek talde “berria” badu ere, orain arteko partidetan maila ona eman dutela adierazi du Justok, eta bide horretan jarraitu nahi du: “Zaila izango da Bartzelonan izan genuen mailari eustea. Maila horri eusten badiogu, xehetasunak doitu eta talde gisa pausoak ematen jarraitzearekin batera, hamabost kide berri eta talde tekniko berri bat ditugula kontuan hartuta, hiru puntuak lortzetik gertu egotea lortuko dugu, hori baita jardunaldi bakoitzean nahi duguna. Ea igandean exijentzia altu bat mantentzea lortzen dugun, hasieratik bukaerara. Badakigu oso partida zaila izango dela, [Rayo Majadahonda] oso talde gogorra baita”.