Emakume palisten topaketak Hondarribian
Elkar ezagutu eta sinergiak sortzeko asmoz, hilaren 30ean emakume palisten topaketak egingo dituzte Jostaldi pilotalekuan.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) Emakume Palisten Topaketa Inklusiboa antolatu du. Hilaren 30ean, larunbata, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan elkartuko dira eta aisian pala praktikatzen duten emakume guztiei zuzendutakoa da. Goizeko saioa izango da, 10:00etatik 14:00etarakoa, eta bertan, pala ariketak eta jolasak egingo dituzte.
Saioaren helburu nagusia palaren bidez ariketa fisikoa egiteaz gain, lurraldean kirol horretan aritzen diren emakumeen topaleku izatea da. Hala, elkarren berri izan eta sinergiak sortzea espero dute antolatzaileek. Bertan parte hartzea doakoa izango da, baina izena eman behar da. Izen-ematea zabaldu dute, eta hilaren 21era bitarte izango da irekita. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren webgunean aurki daitekeen inprimakia bete eta haien e-postara bidali behar da.