Aurrekontu parte hartzaileen prozesua asteazkenean jarriko da martxan
Egitasmoaren bederatzigarren ekitaldia da aurtengoa, eta herritarrek proposamenak egingo dituzte aurrekontu orokorretan txertatzeko. Asteazkenean, hilak 13, izango da lehen bilera, 19:00etan, Palmera Monteron.
2024 urteko aurrekontu parte hartzaileen bederatzigarren ekitaldia hastear da. Datorren asteazkenean (hilak 13) jarriko dira martxan, egun horretan egingo baitute egitasmoko lehen bilera. 19:00etan izango da, aurrez aurre, Palmera Monteron. Aurten 1,5 milioi euroren erabilera erabakiko dute irundarrek: 1,3 milioi euro prozesu orokorrerako eta 200.000 euro gazteen atalerako.
Prozesu orokorrean Irunen erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek har dezakete parte. Gazteentzako prozesu espezifikoan, aldiz, 16 eta 30 urte bitartekoek. Parte hartzeko eta proposamenak helarazteko bi bide daudela jakinarazi du Irungo Udalak: udalaren webgunea erabilita edo aurrez aurreko bileretara joanda.
Webgunea baliatzeko hautua egiten dutenek, online bidali ahal izango dituzte beren proposamenak, hilaren 14tik 18ra. Aurkeztutako proposamen guztiekin aurre-bozketa bat egingo da, online, urriaren 3tik 4ra, eta hoberen baloratutako hamar proposamenak azken bozketara pasatuko dira. Proposamenen bozketan parte hartzeko, beharrezkoa da Irun Txartelarekin identifikatzea. Pertsona bakoitzak, gainera, bost proposamen aukeratu ahal izango ditu gehienez.
Irundarrek proposamenak aurrez aurre egiteko aukera ere izango dute, udalak antolatu dituen bi bileretan. Bilera horietatik sei proposamen aterako dira, eta horiek ere azken bozketan sartuko dira. Orotara, hamasei proposamen aterako dira, hamar udalaren webgunetik eta sei aurrez aurreko bileretatik. Horrez gain, eta lehen aldiz, Auzo Elkarteen Federazioak lau finalista aurkeztu ahal izango ditu.
Azken bozketa urriaren 6tik 10era izango da. Bi modutara bozkatu daiteke: udaleko atariaren bidez Irun Txartela erabilita, edo aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, zehazten diren egunetan.
Aurrez aurreko bileren datak:
- Hilak 13, asteazkena: Palmera Montero Guneko 2. aretoan, 19:00etan.
- Hilak 18, astelehena: Luis Mariano zentro sozialean, 19:00etan.
Era berean, auzoetan parte hartzeko karpak instalatuko dira, prozesuari buruzko informazioa emateko. Karpa horiek proposamenak aurkezteko zein bozkatzeko faseetan jarriko dituzte, eta herritarren parte hartzea sustatuko da prozesuak irauten duen denbora guztian.
Hona hemen karpen datak:
- Hilak 12, asteartea: Palmera Montero Gunean, 18:00etatik 20:00etara.
- Hilak 14, osteguna: Kateko Auzo Elkartearen lokalean, 18:00etatik 20:00etara.
- Urriak 6, ostirala: San Migel plazan, 18:00etatik 20:00etara.
- Urriak 7, larunbata: Zabaltza plazan, 11:00etatik 13:00era.
Gazte prozesua
2024ko aurrekontuetarako ere gazte prozesua sustatuko dela baietsi du udalak, eta horretarako, online komunikazioa areagotuko du, “gazteak egunerokoan gehien erabiltzen dituzten bideetatik erakartzeko”. Ildo horretan, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako institutuekin lankidetza areagotuko dutela adierazi du udal erakundeak: informazio totemak jarriko dira ikastetxeetan, gazteek proposamenak aurkeztea bultzatzeko.
Gazteek udalaren webgunearen bitartez aurkezten dituzten proposamenak urriaren 6tik 10era bitartean bozkatuko dira, eta boto gehien dituztenak hautatuko dira. Hamasei proposamen baino gehiago jasotzen badira, urriaren 3an eta 4an aurretiko bozketa egingo da. Horrez gain, iaz egin bezala, Gazteria Zerbitzuak eta Eskola Agenda 2030 egitasmoak bina proposamen aurkeztuko dituzte.
Aurten ere, Alkatea auzoetan programaren saioei esker, espazio sozialak dinamizatzen dituen enpresak bozketa prozesuan parte hartzeko laguntza eskatzen duten adinekoei lagunduko die, haiek Irun Txartela izan ez arren. Nortasun agiria besterik ez dute beharko identifikatzeko.