Real Union esku hutsik itzuli da Bartzelonatik
Irundarrek sasoiko lehen porrota jasan zuten atzo Bartzelona B-ren aurka (2-1). Partida maldan gora jarri zitzaien hasieratik, baina azken minutuetan berdintzeko aukerak izan zituzten. Puntuak, baina, etxean geratu ziren.
Real Unionek ezin izan zuen ligako bigarren garaipena lortu eta esku hutsik itzuli dira Bartzelonatik. Txuri-beltzek 2-1 galdu zuten Bartzelonaren bigarren taldearen aurka partida osoa galtzen joan ondoren. Norgehiagoka hasieratik maldan gora jarri bazitzaien ere, azken minutuetan berdintzeko aukerak izan zituzten, baina ez zuten berdinketaren gola sartzerik izan. Puntuak, hortaz, etxean geratu ziren.
Kataluniarrak partida hasi eta berehala jarri ziren aurretik markagailuan, Pau Victorrek 1-0ekoa sartu baitzuen 12. minutuan. Irundarrak saiatu ziren berdinketaren gola sartzen, baina etxeko taldea izan zen berriro saria lortu zuena, 36. minutuan Unaik sare barrura bidali baitzuen baloia (2-0). Atsedenaldira iritsi aurretik, bi aukera izan zituzten irundarrek, baina ez zuten golik sartu.
Bigarren zati hasieran Real Unionek markagailuko aldea murriztu zuen, 57. minutuan 2-1ekoa sartu baitzuen Alain Oyarzunek. Hortik aurrera, txuri-beltzak jaun eta jabe izan ziren, baina ez zuten berdinketaren gola sartzerik izan.
Irundarren hurrengo partida igandean izango da, hilak 10, 19:30ean. Rayo Majadahondaren aurka arituko dira nor baino nor, Galen.