Zerbitzu publikoak udalak zuzenean kudeatzea defendatuko du koalizio moreak bihar osoko bilkuran
Udal garbitzaileek hitzarmena adostu bazuten ere, ez direla adostutakoa betetzen ari salatu du koalizio moreak. Bestalde, Irun tentsiopeko eremu izatea babestuko dutela aurreratu dute.
Osoko bilkura egingo da bihar Irungo udalbatzan eta eztabaidatuko duten gaietako bat izango da garbiketa zerbitzua kontratatzeko lehiaketa publikoa esleitzeke uztea ala ez.
Erabaki honek zuzenean garbiketa zerbitzuko langileei eragiten diela azaldu du Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitzak. “Izan ere, duela hilabete gutxi hitzarmena hobetzea lortu zuten, eta, orain, lortutako guztia etenda nola geratzen ari den ikusten ari dira”.
Garbitzaileak pairatzen ari diren egoera honek David Nuñoren esanetan, “eragin zuzena du emakume langileengan eta haien egoeran, berez nahiko prekarioa bazena”. Gainera, otsailean hitzarmena berritzea lortu zuten garbitzaileek baina koalizio moreak baieztatu du oraindik ez dela betetzen ari eta langileek ez dutela “oso argi” beteko den ala ez.
Egoera horren aurrean, zerbitzu hau zuzenean kudeatzearen beharra defendatu du Nuñok, “langileak babesgabe gera ez daitezen enpresa pribatu baten aurrean, errentagarritasuna baita axola zaion gauza bakarra”.
Enpresa pribatuak dirurik irabazten ez duenean zerbitzua eskaintzeko interesa “bertan behera” geratzen dela kexu dira eta lehentasuna adierazi dute langileen baldintza duinei, “enpresa pribatu baten negozioa egiteko premiaren gainetik”. Zerbitzu publikoek zerbitzuaren errentagarritasunarekin zerikusirik ez duten beste parametro batzuk bete behar dituztela uste du koalizioak.
Ildo horretan, Irungo garbitzaileen kasua “bitxia” dela azaldu dute: “Enpresa pribatu batek lehiaketa publikoa irabazi zuen beheranzko eskaintza batekin, eta, ondoren, konturatzen da kontratua gauzatuko lukeela eta galerak izango lituzkeela”. Egoera horren aurrean berretsi egin du Elkarrekinek Irungo Udalak zerbitzu publikoak zuzenean kudeatu behar lituzkeela.
Irun tentsiopeko eremu
Bestalde, biharko osoko bilkuran Irun tentsiopeko eremu izendatzeko mozioa jorratuko da ere eta koalizioak esan du mozioa “bere osotasunean sinatu eta babestu” egiten dutela.
Onartzekotan udalak eta, batez ere, Eusko jaurlaritzak Etxebizitza Lege berriak autonomia erkidego eta udalerriei eskaintzen dizkien tresnak erabiltzen hasiko zirela diote. Gainera, etxebizitza negozio izateari utziko liokeela eta eskubidea izateko beharrezko oinarriak jartzen hasiko zirela ere azaldu dute.