Menchu Galen erakusketa bat, bihartik aurrera ikusgai
Artista irundarraren erakusketa bat inauguratuko da bihar Menchu Gal aretoan, 19:00etan. Erakusketa 37 lanek osatzen dute, eta euskal kostaldeko paisaia irudikatzen dute. Irailaren 24ra arte bisitatu ahal izango da.
Menchu Gal aretoak Menchu Gal zenaren inguruko erakusketa bat jasoko du bihartik (hilak 28) irailaren 24ra arte. Gaur goizean aurkeztu dute biharko 19:00etan inauguratuko den erakusketa Jose Antonio Santano alkateak, Nuria Alzaga Kultura ordezkariak, Karmelo Arren Menchu Gal Fundazioko ordezkariak eta Edorta Kortadi erakusketaren komisarioak.
Erakusketak artista irundarraren 26 margolan eta 11 marrazki bildu ditu. Ikusgai egongo den bildumak euskal kostaldeko paisaia irudikatzen duten lanek osatzen dute. Ordezkariek azaldutakoaren arabera, erakusketako obrek islatzen dute Galek “naturarekiko zuen lilura eta Euskal Herriko ingurune soziokulturalarekiko zuen lotura”.
Bihartik aurrera bisitatu ahal izango den erakusketak udal pinakotekako funtsak ditu, baita Menchu Gal Fundazioaren, Kutxa Fundazioaren, San Telmo Museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren maileguak ere. Erakusketa, orotara, 37 piezek osatzen dute. Ordezkariek adierazi dute marrazkiak orain arte ez direla ikusgai egon, eta hainbat gai lantzen dituztela; hala nola, parkeen autoerretratuak edota emakume biluziak.
Erakusketa bihartik irailaren 24ra arte bisitatu ahal izango da Menchu Gal aretoan, honako ordutegian: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Jose Antonio Santano alkateak erakusketa bisitatzera animatu ditu herritarrak: “Udan nahitaez bertaratu behar dugu Menchu Gal aretora. Menchuri omenaldia egiteko eta Bidasoko eta urrutiagoko beste egile handiei instalazioa irekitzeko sortu da. Gaurkoan, hastapenera joko dugu, aurretik ikusi gabeko bilduma jaso baitugu”.