Bizitako kontrabando istorioetatik abiatuta, adinekoek antzezlan bat sortu dute osorik
Behobia eta Anakako adinekoen gizarte zentroetako erabiltzaileak 2019tik lanean aritu dira obra sortzeko. Estreinaldia larunbat honetan izango da, bi saiorekin, eta bertaratzeko aurretik izena eman behar da.
Behobiako eta Anakako adinekoentzako gizarte zentroetako erabiltzaileek antzezlan bat sortu dute kontrabandoari buruzko iraganeko istorio batzuk bilduta. Ez dute dramatik landu eta, umorea eta fikzioa izango ditu obrak.
Adinekoek antzezlanaren sormen eta egikaritze prozesu osoan parte hartu dute, eta 2019tik lantzen aritu diren obra da ondu dutena. Esaterako, batzuek kontatuko dituzten istorioak haiek bizi izan zituzten eta istorio horiei esker sortu dute obraren argumentua, gidoia, pertsonaiak edota eszenak.
Era berean, gidoiaren egokitzapenean eta egikaritze ideietan ere lagundu dute erabiltzaileek, eta haietako batek emanaldirako abesti bat sortu du ere.
Gizarte Ongizate arloak adierazi du adineko pertsonentzat “esperientzia atsegin eta borobila” izaten ari dela, memoria, espazio orientazioa, denbora, inprobisazioa, koordinazioa, arreta eta bestelakoak lantzen ari direlako. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzaren autoestimua, segurtasuna, ilusioa eta esperientzia berriak bizitzea bultzatzen ari dira.
Arrazoi anitzengatik atzeratu behar izan dute estreinaldia, baina iritsi da eguna: larunbat honetan izango da (uztailak 29) 17:30etik 18:30era. Bi saio eskainiko dituzte Behobiako lokalean (San Martzialeko Bigarren Guduaren Berrehungarren Urteurrena plazatxoan), eta bertaratzeko aurretik izena eman behar da gizarte zentroan bertan.