Bidasoa Irun martxan da
Bidasoarrek atzo hasi zuten denboraldi aurrea Artalekun Jacobo Cuetararen aginduetara 18 jokalarirekin. Asobal Liga irailaren 9an hasiko dute, eta lehia ofiziala prestatzeko, zazpi lagunarteko jokatuko dituzte.
Bidasoa Irun martxan da. Irundarrek atzo hasi zuten denboraldi aurrea Artalekun Jacobo Cuetara prestatzailearen aginduetara 18 jokalarirekin. Rodrigo Salinas, Esteban Salinas, Eneko Furundarena eta Julen Mujika jokalari internazionalak izan ezik, astelehenean hasteko baimena dutelako, gainontzeko jokalariak 2023-2024 denboraldia prestatzen hasi ziren. Jokalari horien artean ziren Marko Jvetic, Jakub Sladkowski eta Alberto Diaz Tito fitxaketa berriak, bigarren taldeko Francisco Javier Gastaminza, Endika Wamba eta Jon Ander Iribar eta Alexandre Raix lehen urteko jubenila.
Bidasoak urteak daramatza onenen pare lehiatzen. Ikusi besterik ez dago azken denboraldietan ohorezko postuetan bukatu dutela Asobal Liga, eta Europa Ligan lau urtez jarraian lehiatu dute. Cuetarak bide horretatik jarraitu nahi du: “Gure nortasun ezaugarriekin jarraitzea da helburua, nor garen argi gera dadin. Talde alaitsu eta freskoa izan daiteke, gure nortasuna azken denboraldietan eraikitzen lagundu duten ezaugarri klabeekin, horrek egin baikaitu lehiakor”.
Irundarrak Asobal Ligako lehen partidara begira jarri dira jada. Aurtengo denboraldiko debuta irailaren 9an izango da, Artalekun, etxean, eta ez dute aurkari makala izango aurrean, azken urteetan txapeldun eta nagusi izan den Bartzelonaren aurka jokatuko baitute.
Lehen neurketa hori prestatzeko, zazpi lagunarteko partida jokatuko dituzte bidasoarrek. Hona hemen norgehiagoka horien zerrenda:
- Abuztuak 5: Bidasoa Irun – Billère Handball Pau-Pyrenées (Hendaia, 18:00).
- Abuztuak 11: Bidasoa Irun – Bathco Torrelavega (Orio, 20:00).
- Abuztuak 12: Bidasoa Irun – MT Melsungen (Artaleku, 19:00).
- Abuztuak 18-19: Egiako Nazioarteko Txapelketa.
- Abuztuak 26-27: Torrelavegako Txapelketa. Aurkariak: Bathco Torrelavega, Viveros Herol Nava eta Abanca Ademar Leon.
- Irailak 1: Billère Handball Pau-Pyrenées (Frantzia).
Julen Aginagaldek lehia utzi eta bulegoetara egin du jauzi. Bidasoako kirol zuzendaria da, eta “pozik” da osatu duten taldearekin: “Irunera iritsi diren heinean jokalariekin hitz egiteko aukera izan dut eta hasteko gogoz daude. Lehen taldeak berezko jokalari gutxiago ditu, baina eraginkorragoak dira, espezialistarik gabe, eraso-defentsan aldaketa gutxiago egiteko. Jende gaztea da, hazteko marjinarekin, eta pozik gaude egin dugun taldearekin”.
Gorka Nieto taldeko kapitaina da iazko denboraldiko bigarren itzulitik, eta adierazi du “asko” gustatzen zaiola egin duten taldea: “Gutaz espero dena nahiko argia da, eta pertsonalki, egin dugun taldea asko gustatzen zait. Jendea hasteko gogotsu ikusten dut, erronka handiak baititugu aurretik. Konbentzituta gaude gure eskura dugun dena emango dugula, eta ongi ere egingo dugula. Ziur gaude”.