Biharko ospakizunek, itsasoa ardatz
Ospakizunez beteriko eguna izango da biharkoa. Kutxa Eguna izateaz gain, Hegaluze Eguna ere izango da.
Bihar da Santiago eguna, askorentzat festa eguna izaten dena. Goiz eta arratsalde, ospakizunez beteriko eguna izango da.
Goizean, 2023ko Hegaluze Eguna ospatuko dute, baxurako arrantzari balioa emateko eguna. Aurten Marmitako txapelketaren lehenengo edizioa antolatu dute. Eguraldi txarra iragarrita dagoenez Gernikako Arbolatik, Soroeta pilotalekura leku aldatuko dute lehiaketa.
10:00etatik 12:00etara egingo da I. Marmitako txapelketa. Epaimahaiak 12:00etatik aurrera dastatuko ditu parte hartzaileek mimoz prestatuko dituzten jakiak. Kazola prestatzeko osagaiak, hegaluzea eta patatak izan ezik, sukaldariek eraman beharko dituzte. Bai eta horiek prestatzeko beharko diren su, mahai eta bestelako materialak ere. Lehiaketak, gainera, helburu solidarioa izango du, Zaporeak-en ekimenarekin bat egin dute antolatzaileek.
Arratsaldean, Kutxaren Eguna ospatuko da. 18:00etan Arrantzaleen Hermandadeko arkutik abiatuko da Kutxa. Ilargi Emazabel izango da kutxa sorbalda gainean jari eta hura garraiatzearen arduraduna. Lehenik, kofradiako paperak parrokiara eramango ditu, Hondarribia Hiria Musika Bandaren eta arrantzaleen laguntzarekin. Mezaren ondoren, Arrantzaleen Hermandadera itzuli eta musikaren laguntzarekin ahalik eta bira gehien ematen ahaleginduko da.