Lakaxita: "Emakumeak erasotu, drogatu eta bortxatu gabe ibiltzen ez badakizu, gelditu etxean"
Elkarretaratzea egin dute San Juan plazan gaztetxean izandako eraso sexista salatzeko eta iragarri dute barne hausnarketa bat hasiko duela gaztetxeak "benetako gune askea birpentsatzeko".
Pasa den uztailaren 8an bortxaketa bat izan zen Lakaxita gaztetxean eta gaur San Juan plazan elkartu dira herritarrak eraso sexistak salatzeko. 200 bat pertsona bildu dira.
Aste honetan eman zuen gazte asanbladak erasoaren berri eta kasuaren gainean adierazi zuten emakumea egoera zaurgarrian zegoela. Babes guztia eta elkartasuna adierazi diote biktimari eta “gure amorru eta nazkarik handiena erasotzaileari”.
Asanbladak onartu egin du “erasotzaileak gure artean ere badaudela” eta Lakaxita ez dela emakumeentzako “espazio segurua”. Hartara, gune askeak barne hausnarketa bat hasiko duela iragarri du “gure benetako gune askea birpentsatzeko”. Oraingoz, gainera, bertan behera utzi dituzte aurrera begira programatuta zituzten gaztetxeko jarduera guztiak.
Azkenik, “sutan, haserre eta adi” daudela esan dute eta ez dutela eraso eta jarrera sexistarik onartuko berretsi. “Baina are gutxiago gune askeak izan beharko luketen espazioetan”.
Aurreratu dute erasotzaileak identifikatuz gero autodefentsa feministaz jokatuko dutela eta mezu garbi bat luzatu diote erasotzaileei: “Emakumeak erasotu, drogatu eta bortxatu gabe ibiltzen ez badakizu, gelditu etxean!”.