Irailaren 20ra arte luzatuko dute greba lorezainek
Elai Serbitzuak enpresaren "mugimendu ezaren" aurrean, lorezainek "borrokan jarraitzea beste alternatibarik ez" dutela esan du ELA Sindikatuak.
Hilaren 18an, amaitu zen Hondarribiko lorezainen azken greba deialdiaren epemuga. Dagoeneko 69 egun daramate greban. Elai Serbitzuak enpresaren partetik, ordea, ez da mugimendurik egon. Hala azaldu du ELA sindikatuak gaur zabaldu duen oharrean. Egoera horren aurrean, langileek, “borrokan jarraitzea beste alternatibarik ez” dutela esan dute. Horrenbestez, irailaren 20ra luzatu dute greba deialdia.
Duela hilabete egoera berdintsuan ziren. Ekainean, bigarrenez, enpresaren partetik eskaintza berdina jaso zutela jakinarazi baitzuten. Hau da, soldatak “soilik” 2023ko urtarriletik aurrera igotzea eta ez 2022ko ekainetik. Bestalde, lorezainen hitzarmen propioa sortzea nahi dute ere. Hil honetan, baina, ez dute enpresaren partetik inongo erantzunik jaso.
Orduko hartatik aldatu den gauza bakarra Udal Gobernu Talde berriaren eraketa izan da, eta lorezainek, hasieran, gauzak zerbait aldatuko zirela uste bazuten ere, “aldaketarik ikusi ez” dutela aitortu dute. “Azpikontrata presionatzen hasteko garaia badute. Izan ere, azken hiru hilabeteetan Hondarribik ez du lorezaintza zerbitzurik eduki” esan du sindikatuak. Aldaketarik ezean, aurtengo uda ere berdin igaroko dute eta irailerako “belarra aski hazita” egongo dela aurreikusi dute.
Egoera honen aurrean, pauso berri bat eman dute lorezainek. Atzoko egunez, Hernanin izan ziren. Manifestazioa Karabeleko gasolindegian hasi eta Elai enpresaren parean amaitu zuten. Orain artean, hirian bertan manifestatzen ziren: udaletxearen parean kontzentrazioak egiten edota kotxe bidez haien aldarriak hirian barrena zabaltzen.