Ficoba, "oso pozik" lehen seihilekoan lortutako emaitzekin
Urteko lehen erdiko balantzea eginda, "datu bikainak" lortu dituztela aitortu dute. Bigarren seihilekorako ere "aurreikuspen onak" dituzte, eta urriaren 3an Ficobaren hogeigarren urteurrena ospatuko da.
2023ko lehen seihilekoa beteta, urteko lehen erdiaren balantzea egitea egokitu zaio Ficobari, eta adierazi dute “datu bikainak” lortu dituztela. Urtarriletik ekainera 146 jardunaldi hartu ditu Ficobak: 105 bilera, 33 ekitaldi eta 8 azoka. Orotara, 93.000 bisitari baino gehiago erakarri ditu erakustazoka irundarrak, eta antolatutako jarduerek 1,3 milioi euroko negozio zifra izan dutela zehaztu dute, 2022an baino %26 gehiago.
Ander Sarratea Ficobako zuzendariak onartu du “oso pozik” daudela lehen seihilekoan lortutako emaitzekin: “Gure itxaropenak gainditu ditugu, bai fakturazioari dagokionez, baita egin ditugun ekitaldien aniztasunari eta kalitateari dagokionez ere. Emaitza horiek erakusten dute Ficobak konpromisoa hartu duela feriak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzen erreferente izateko”.
“Erronken seihilekoa” ere izan dela gogorarazi dute erakustazokatik, antolaketa eta logistika erronka ekarri dutenak, eta maiatzean jazotakoa oroitarazi dute. Maiatzaren 6ko eta 7ko asteburuan, elkarren segidan egin ziren HABEren euskara maila egiaztatzeko azterketak (4.436 pertsona), Postetxeko oposizioak (2.368 pertsona) eta Eusko Skills Lanbide Heziketako Olinpiadak (2.700 lagun baino gehiago).
Ezohiko egoera horri aurre egiteko, Ficobak “erantzun ona” eman zuela jakinarazi dute, antolaketa eta erosotasun aldetik probetan parte hartu zuren guztientzat. Horretarako, Ficobaren azalera estalia gehitu egin zen ohiko 5.000 metro koadroetatik 8.500 metro koadrora. Horrez gain, karpa bat ere jarri zuten Ficoba kanpoko erakusketa eremuan.
Hiru ekitaldi jendetsu horiek segidan egin ziren, eta erakustazokaren hitzetan, Ficobari balio izan dio “azpiegituraren potentzial guztia nabarmentzeko eta benetako entsegu bat egiteko”.
Era berean, gogorarazi dute Ficobak berriz erakutsi duela inguruan egiten diren ekitaldietarako agertokia izateko gaitasuna duela. “Azpiegitura baliotsua bihurtu da azoka barrutitik kanpo egiten diren diren ekitaldi horien arrakastarako”, esan dute. Esaterako, ekainean Donostian jokatu zen Frantziako errugbiko Top 14 jardunaldian, disuasioko aparkaleku gisa erabili zen Ficoba.
Urteurrena eta jarduera gehiago
Urteko bigarren seihilekorako ere “aurreikuspen onak” dituztela aurreratu dute erakustazokatik. Urriaren 3ko data nabarmendu dute, Ficobak hogeigarren urteurrena ospatuko baitu.
Hauek dira urte bukaera bitarteko ekitaldi nagusiak:
- Irailak 14: Auna Partner Days.
- Irailak 29 eta 30: Irun Zuzenean Festibala.
- Irailak 28-30: HOBE azterketak (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza).
- Urriak 6 eta 7: HABEren azterketak.
- Urriak 14 eta 15: Tartako panpinak, ezkongaien azoka.
- Urriak 21: Beldurrezko pasartea, Auditoriumeko lehen solairuan.
- Azaroak 9: Kirol nautikoko azterketak.
- Azaroak 15: Enpleguaren astea.
- Azaroak 17-19: Ficoauto, aukerako ibilgailuaren azoka.
- Azaroak 28: Next Care jardunaldia, gaixo kronikoari arreta pertsonalizatua ematea.
- Abenduak 8-10: Be Veggie, jaialdi beganoa.