Hiriko trafikoa ez kolapsatzeko, seinaleak eta sarbideen itxiera puntualak
Lapurdira joan nahi dutenek Irungo trafikoa ez kolapsatzeko hainbat neurri hartzeko prest agertu dira udala eta Eusko Jaurlaritza. Esaterako, autobidetik ez irteteko seinaleak jarriko dituzte edota hirirako sarbideak itxi momentu puntualetan.
Lapurdirako noranzkoan hiri barneko trafiko kolapsoak ekiditeko lanean jarri ziren lan mahai baten bueltan pasa den udazkenean Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udala.
Atzo, udalak, arazoari konponbidea eman nahian zein puntutan dauden azaldu zuen. Aurreikusi dute, gainera, udara honetan handitu egin daitekeela auto fluxua.
Hori hala, ekainean berriz bildu zirela adierazi du Jose Antonio Santanok, baieztatzeko bi erakundeak elkarrekin lan egiten segitzeko asmoa zutela. Alkateak borondate horri buruz dio “funtsezkoa” dela koordinaziorako eta Hego Euskal Herriko ordezkariez gain, Pirinio Atlantikoetako prefetarekin ere elkartu da Santano.
Neurriak
Baina, elkarlanerako prest izateaz gain, hartu nahi dituzten neurri batzuen berri ere eman zuten, eta urtarrileko soluzioetara itzulita, berriz planteatu dute informazio gehiago ematea seinalizazioen bidez hiriaren hegoaldetik datozen ibilgailuei autobidetik irten ez daitezen asmoz. Era berean, beste neurrietako bat hiriko sarbide batzuk puntualki ixtea litzateke, “behar izanez gero”.
Udalak azaldu du “hainbat egoeretarako” idazten ari direla plana eta, zentzu horretan, oroitu dute autobidea kolapsatzen denean Udaltzaingoarekin batera egiten dela lana.