Ana Pulgarin eta Iker Arotzena, bikain Europako Txapelketan
BATeko bi kirolariek maila aparta erakutsi zuten 23 urtez azpiko Europako Atletismo Txapelketan. Pulgarin laugarren izan zen 20 kilometroko ibilketan, eta Arotzena, bosgarren luzera jauzian. BATek, gainera, bi lasterketen izen-emateak ireki ditu.
23 urtez azpiko Europako Atletismo Txapelketak lehiatu dira berriki Silesian (Polonia), Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) bi kirolariren parte hartzearekin: Ana Pulgarin 20 kilometroko ibilketako proban eta Iker Arotzena luzera jauzian. Biek ala biek txapelketa bikaina osatu zuten, beren probetako finaletara sailkatuz.
Pulgarin laugarren postuan sailkatu zen 20 kilometroko ibilketan, bere betiko marka onena lortuz (01:35,49). 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan zilarrezko domina zintzilikatu ondoren ekin zion Pulgarinek lehiari Silesian, eta lasterketa bikaina osatu zuen. Brontzezko dominatik soilik bederatzi segundora geratu zen.
Arotzenak, aldiz, bosgarren postuan bukatu zuen luzera jauziko finala. 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa bereganatu ondoren iritsi zen Poloniara, eta Pulgarinen antzera, lehiaketa aparta egin zuen. Brontzezko dominatik soilik hamaika zentimetrora geratu zen, 7,60 metroko jauzi onenarekin.
BATeko lasterketak
BATek jakinarazi du iragan astean klubak kudeatzen dituen bi lasterketa klasikoren izen-emateak ireki zirela: Guadalupeko Igoera Laboral Kutxa eta Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika lasterketenak.
Guadalupeko Igoera irailaren 2an lehiatuko da, eta XLV. edizioa beteko du aurten. Aurtengo ekitaldia, gainera, berritasun nabarmen batekin dator, lasterketa goizean egingo baita. Lasterkariak 10:30ean irtengo dira Hondarribiko Jostaldi pilotalekutik, eta Guadalupen izango dute helmuga. Izen-emateek 10 euroko prezioa dute irailaren 1era bitartean. Lasterketaren egun berean apuntatzen direnek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Egun berean, Guadalupe Txiki lasterketa ere egingo da. Lasterkari gazteek 09:30ean hasiko dituzte beren probak, eta adin eta distantziaren araberako irteera mailakatuak izango dituztela aurreratu du klubak. Guadalupe Txikiko izen-emateak doakoak dira. Bi lasterketen izen-emateak Kirolprobak atarian egin behar dira.
Bestalde, Txingudi Korrika lasterketa Bidasoko badian barrena ibiliko da irailaren 30ean. Lasterkariek Espainiako Atletismo Federazioak homologatutako 10 kilometroko zirkuitua osatu beharko dute, Hendaiatik Hondarribira, 16:30ean hasiko da. 100 parte hartzaile baino gehiagok eman dute jada izena proban, eta apuntatzen diren lehen 300ek 13 euro ordaindu beharko dituzte dortsala eskuratzeko.
Guadalupeko Igoeran bezala, Txingudi Korrikak ere Txingudi Korrika Txiki lasterketa izango du. Gazteen lehia 10:00etan hasiko da Gal estadioan, eta parte hartzea doakoa da. Bi proben izen-emateak Kirolprobak atarian egin behar dira.
Santiagoko Krosa
Hiru urteko hutsunearen ondoren, datorren asteartean, hilak 25, Santiagoko Krosa lehiatuko da Irungo Santiago auzoko jaien programaren barruan. Lasterketak 10:30ean hasiko dira, bi distantzietan: 5,5 eta 8,25 kilometroko probak. Dortsalek 7 euroko prezioa dute. Inskripzioa lasterketaren egun berean egiten dutenek, aldiz, 12 euro ordaindu beharko dituzte dortsala lortzeko.
Gazteek ere beren lasterketa izango dute Santiagon. Beren lasterketak 10:00etan hasiko dira, eta adin eta distantziaren araberako irteera mailakatuak izango dituzte. Bi krosen izen-emateak Kirolprobak atarian egin behar dira.