Ostiral honetan hasiko dira Hondarribiko Zesta Punta jaialdiak
Aurten ere munduko puntista onenak arituko dira lehian Master Series eta Hondarribia Grand Slam-ean. Hondarribiko ontziek arrantzatutako hegaluzeaz eginiko marmitakoa dastatzeko aukera izango da egun guztietan.
Jai-alai Wold Tour zesta punta zirkuituak, aurten ere, geldialdia egingo du Hondarribian. Hamazazpi urtez jokatu dira Master Series eta Grand Slam txapelketak Jostaldi pilotalekuan. Lehena 2007an izan zen. Gaur goizean 2023. denboraldia aurkezteko aurkezpena egin dute.
Lupe Queiruga Hondarribiko Udaleko kirol zinegotzia izan da hitza hartzen lehena. Jai Alive enpresari “jaialdia antolatzeko azaltzen duen prestutasunagatik” esker ona adierazi nahi izan dio, bai eta Hondarribiko Pilota Eskolari ere “herri mailan egiten duen lanagatik. Lan horren emaitza gaur egun herrian dagoen puntista harrobi ederra delako” azaldu du.
Udalak urtero babesten du jaialdia eta diru partida bat bideratzen dute lehia ahalbidetzeko. Aurten 26.000 euro gehi beza bideratu dituzte. Halaber, Jostaldi pilotalekuan hainbat egokitzapen lan eta zerbitzuen kontratazioa egin dutela jakinarazi du zinegotziak.
Ondoren, Mikel Egigurenek, (Jai Aliveko arduradunak) txapelketen nondik norakoak azaldu ditu. Zortzi aste iraungo dituen denboraldia izango da, ostiral honetan hasi eta irailaren 16ra bitarte. Hil hauetan zehar hiru txapelketez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Ikus egutegia.
Alde batetik, gaztetxoenen txapelketa jokatuko da, non Hondarribiko Pilota Eskolako puntistek parte hartuko duten. Lehen norgehiagoka ostiral honetan bertan izango dute 20:00etan. Hortaz, gaztetxoak izango dira aurtengo jaialdiari hasiera emango diotenak. Bigarrena, hilaren 28an izango da, 20:00etan hau ere. Azken partida abuztuaren 4an jokatuko dute, gainontzekoak bezala arratsaldeko 20:00etan.
Bestetik, Master Series jokatuko da. Munduko puntista junior onenak izango dira bertan. Hala nola, Benetrix (Mexikoko txapelduna) eta Ibarluzea (Markinako Grand Slamean finalista izan zena) puntistak. Txapelketa honetako bikote garaileak txapelketa nagusira sailkatuko dira. Lehenengo partida ostiral honetan izango dute, gaztetxoen partiden ondoren (21:00etan).
Azkenik, txapelketa nagusia, Grand Slam-a jokatuko da. Munduko pelotari onenak abuztuaren 4tik aurrera ikusi ahal izango dira. Bi taldetan banatuta daude jokalariak: A taldean Olharan-Basque, Goikoetxea-Zabala eta Aaron-Del Rio daude. B taldean, berriz, Erik-Lopez, Erkiaga-Lekerika eta Barandika Bailo.
Lehiaketa hau gainera Iñaki Goikoetxeak jokatuko duen azkena izango dela nabarmendu du Egigurenek. “Historiako pelotari onenetakoa izan da. Oso pelotari handia eta Hondarribian izango dugu azken aldiz jolasten”.
Kirolaz gain, bertako produktuak izango dira ikusle guztien dastagarri. Egigurenek esan duenez kirola eta gastromonia uztartzeko formula pandemiaren aurretik egiten zuten zerbait da, eta aurten, ohiko formatu hori berreskuratu nahi izan dute. Hala, egun bakoitzean Hondarribiko ontziek arrantzatutako hegaluzeaz eginiko marmitako degustazioa eskainiko dute. Jai Aliveko arduradunak eskerrak eman dizkio Arrantzaleen Kofradiari “beren borondate onarekin hegaluzea eman digutelako”. Txomin Parrila eta Gure elikagai izango dira marmitakoa prestatzeaz arduratuko direnak.
Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira (leihatilan) edota Eventbriteren webgunean. Sarrerak 10 euroan eskuratu ahal izango dira finalerdi eta finala izan ezik. Azken horiek 15 euroko kostua izango dute.
Azkenik, Hondaribiko Pilota eskolako zuzendariaren txanda izan da. Jony Amboagek urtero bezala eskerrak eman dizkie Jai Alive-eri zein udalari, eta aukera eskolako gazteen bilakaera goraipatzeko eta azken urteko emaitzen berri emateko baliatu du. “Gazte eta guraso talde izugarria dugu. Jubenil zein Kadete kategorietan Gipuzkoako Txapeldun izan gara, Herriartekoan finalera heldu ginen, eta Julen Basterrak 22 urte azpiko eta absolutu mailako Euskadiko Txapelketa irabazi zituen. Guretzat oso garrantzitsua da udaro gisa honetako festibalak antolatzea, ikusgarritasuna ematen baitio kirolari”.