"Txingudi badiako uda musikatuaren ikur" den Bidasoa Folk aurkeztu dute
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek elkarlanean antolatzen dute. Aire zabalean emango dituzte emanaldiak. Doakoak dira.
Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Patzuergoak antolatzen duen ekintza zaharrenetakoa da Bidasoa Folk. Abuztuaren 18, 19 eta 20an folk musika, musika etnikoa eta garaikidea uztartuko dituen festibala egingo dute.
Gaur goizean Ducoureau Jauregian aurkeztu dute Bidasoa Folk musika jaialdiaren XXII. edizioa. Miguel Angel Paez, Irungo Udalaren ordezkaritzan, Juan Luis Silanes, Hondarribiko Udalaren izenean, Itziar Aizpuru, Hendaiako udalaren ordezkaritzan, eta Joxean Martin, jaialdiaren zuzendari artistikoa, izan dira bertan.
Nazio arteko zein bertako artistak izango dira aurtengo eskaintzaren parte. Hartara, kanpoko artistak herritarrei hurbiltzeaz gain, bertakoek ere beren aukera izango dute. Hiru egun iraungo dituen jaialdirako bost kontzertu prestatu dituzte: Dissidenten, Urbalia Rurana, Belar Hostoak, Maria Moramarco eta Mediterranean voices. Kontzertuak gainera Txingudi badia osatzen dute hirien artean banatuko dira. Emanaldiak aire zabalean ezarritako eszenatokietan izango dira.
Aurtengo edizioaz “harro” agertu da Miguel Angel Paez; izan ere, hogeita bi urteren ondoren jaialdia antolatzen jarraitzeak Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalen arteko lankidetzaren erakusgarri dela azaldu du, “elkarrekin egiten dugun lana balioan jarri nahi dut”. Bestalde, jaialdiak “gero eta oihartzun handiagoa” duela esan du. Juan Luis Silanesen ustez aukera polita izango da “abuztuko hirugarren asteburuan musikaz gozatzeko”.
Nazioarteko zein bertako kontzertuak
Talde guztiek 1990. hamarkadan errekonozimendu handia izan zuten. Egun, baina, jardunean jarraitzen duten arren, ez dira orduko hartan bezain ezagunak. Eta hori izan da, hain zuzen, talde guzti hauek elkartzeko aitzakia eta aurtengo festibalaren “nortasun ikurra”. Urtero bezala programazioa “maitasun handiz” prestatzen dutela azaldu du Joxean Martinek eta segidan taldeen aurkezpena egin du.
Abuztuaren 18an Irun izango da Bidasoa Folken lehenengo eszenatokia. Dissidenten talde maroko-alemaniarra izango da bertan. 1981an Berlinen sortu zen taldea da. The world diskoak word music estiloaren aitzindari gisa “etiketatu” zituen. Talde multikulturala da eta Maroko edo India bezalako herrialdeetan bilatu zuten inspirazioa. 1984. urtean Sahara Elektrik diskoa kaleratu eta “arrakasta” eskuratu zuten. Kontzertua 20:00etan izango da Juncal plazan.
Abuztuaren 19an bi kontzertu izango dira Hendaian: Urbalia rurana 20:30ean eta Belar Hostoak 21:30ean.
Urbalia rurana talde valentziarra da. Valentziako musika tradizionala Mediterraneoko beste zenbait herrialdeetako musika estiloarekin nahasten dute. Zazpi lan diskografiko eta nazio zein nazio arteko hainbat sari eskuratu dituzte. Belar Hostoak taldea, berriz, bertako bost musikarik osatutako taldea da. Txomin Artolak euskaratutako Walt Whitmanen testuetan oinarritutako diskoa euskaratu zuten.
Bidasoa Folk festibalari Hondarribiako Arma plazan emango diote amaiera hilaren 20an. Batetik, Maria Moramarco abeslari italiarrak eskainiko du emanaldia 20:00etan. Moramarco hiru musikarirekin batera taularatuko da. Haren azken diskoa, Tarantellas, aurkeztuko du. Ondoren, Mediterranean Voices taldearen txanda izango da. Bi talde hauek Dignity Road proiektuarenkin bat egin dute, “Kurdistango errefuxiatuei laguntzeko proiektu bakarra eta solidarioa”.
Kontzertu guztiak doakoak dira.