Gurasoen atxikimendua jaso dute Kuttunako langileek
Hirugarren eta azken greba eguna dute gaurkoa Kuttunako langileek, eta ez da negoziatzeko aukerarik zabaldu. Udara pasatzerakoan berriz eutsiko diote mobilizazioei.
Hirugarren greba eguna eta, momentuz, azkena dute gaurkoa Kuttuna haur eskolako langileek. Ez da negoziatzeko inolako biderik ireki eta, hartara, egoerak berdin-berdin segitzen du: urteko lanaldia orduetan oso zabala da; hitzarmenak hobetzea nahi dute; KPI izoztuta dago duela 11 urtetatik; eta baimenekin eta kontziliaziorako baimenekin arazoak dituzte.
Guztira, bost langile dira Artiako Kuttunakoak eta hiru ari dira baldintzak hobetzeko greba egiten. Horiek haur eskolako haurren gurasoen atxikimendua jaso dute gaur, sinadura bilketa bat jarri baitute martxan. Horrez gain, greban ere dauden Gipuzkoako polizia etxe eta epaitegietako garbitzaileak ere babesa erakustera gerturatu dira.
Astelehenean lanera itzuliko dira greban dauden langileak, baina ELA sindikatuko Mikel Uranga ordezkariak aurreratu du borrokan segituko dutela udara pasa ondoren. “Irailean mobilizazioetara itzuliko gara”.