Euskal Herria Txapelaren finala, Galen
Reala eta Osasuna arituko dira nor baino nor Euskal Herria Txapelaren VII. ekitaldiaren lehian. Finala hilaren 21ean jokatuko da, 20:45ean.
Irungo Gal estadioak Euskal Herria Txapelaren VII. ekitaldiko finala hartuko du datorren ostiralean, hilak 21, Realaren eta Osasunaren artean, 20:45ean. Euskal Herria Kirolak antolatzen du txapelketa, eta azken denboraldiko euskal derbietan puntu gehien ateratzen dituzten bi euskal taldeek jokatzen dute finala. Iaz Realak 9 puntu lortu zituen derbietan, eta Osasunak, aldiz, 4. Athletic da finaletik at geratu den euskal talde bakarra. Datorren denboraldian Realaz, Osasunaz eta Athleticez gain, Alavesek ere finala jokatzeko aukera izango du, aurten igo baita Lehen Mailara.
Atzo aurkeztu zuten Euskal Herria Txapelaren finala Galeko berdegunean, besteak beste, Igor Emery Real Unioneko Administrazio Kontseiluko presidentearekin eta Asier Illarramendi Realeko jokalari eta kapitain ohiarekin. Honakoa da Galek jasoko duen hirugarren finala, eta Emeryk Galeko harmailak betetzeko aldarria egin zuen: “Duela bi urtekoa errepikatuko dugu [2021eko finala]. COVID-19agatik edukiera mugatua izan genuen, baina oraingoan 4.000 eserleku betetzeko esperoan gaude. Realeko, Osasunako eta Real Unioneko zaleak gonbidatu nahi ditugu Galera etor daitezen”.
Galek lehen finala 2018an jaso zuen eta Athletic nagusitu zen Realaren aurka (1-0). Bigarrena, aldiz, 2021ean izan zen, eta Reala eta Osasuna aritu ziren nor baino nor. Gorritxoak nagusitu ziren final hartan (3-1). Datorren ostiralean duela bi urteko final bera errepikatuko dute Realak eta Osasunak, eta Euskal Herria Kirolak Asier Illarramendi Realeko jokalari eta kapitain ohia eta Oier Sanjurjo Osasunako jokalari eta kapitain ohia omenduko ditu, beren kirol ibilbide “oparo osoan” zehar, Euskal Herria Kirolak biltzen dituen “baloreen ildoan” jardun dutelako: profesionaltasuna, konpromisoa, kiroltasuna eta herria. Ohorezko sakea egingo dute bi jokalariek, eta txapeldunari txapela jarriko diote.
Illarramendik poztasunez hartu du omendu izatea: “Kikek [Zurutuza] esan zidanean Euskal Herria Txapeleko final honetan omenduak izango ginela Oier [Sanjurjo] eta ni, poza sentitu nuen gurekin gogoratzeagatik. Realak eta Osasunak jokatuko dute partida, eta Oierrek Osasunan eta nik Realan urte asko egin ditugu”.
Euskal Herria Txapelako sailkapen historiakoari dagokionez, Athletic da buruan bi txapelekin. Realak, Osasunak eta Eibarrek, aldiz, txapel bana dute. Realak edo Osasunak Athletic berdinduko dute datorren ostiralean sailkapen horretan.
Sarrerek 5 eta 20 euro arteko prezioa dute, eta hainbat modutara eskura daitezke: Donostiako Realaren dendan, Gal estadioko dendan, Euskal Herria Kirolaren webgunean edota Compralaentrada atarian.