Denentzako Bidasoa ibaiaren jaitsierak egingo dira bihar
Santiagotarrak klubak antolatuta, federatuen LVI. Jaitsiera, III. Txikien Jaitsiera eta V. Jaitsiera Herrikoia izango dira. «Espektakulu handia» izango da ikusle zein kirolarientzat.
Ezin busti gabe geratzeko hitzordua daukate bihar piraguazaleek: Bidasoaren jaitsierak. Pluralean, bai, hiru direlako: Santiagotarrak-en sorrerarekin lotura duenak 56. edizioa izango du, nahiz eta klubak 57 urte dituen; III. Bidasoa Txiki ere egingo dute eta 13 urtetik behera izan behar dira bertan parte hartzeko; eta azkenik, V. Jaitsiera Herrikoia egingo da.
Duela 57 urte hasi zen txapelketa nagusia. Oilo eta arrautzaren istorioan kontatzen dena, haien kasua dela azaldu dute Santiagotarrak-eko kideek: «Ez dakigu jaitsieragatik sortu zen kluba, edo kluba hazi den jaitsieraren garapenagatik».
Antxon Arellano klubeko zuzendariak animatu egin ditu irundarrak parte hartzera, zein «espektakulu handia» ikustera.
Jaitsierak
Lehen jaitsieratik azkenekora 200 kayak baino gehiago ikusteko aukera izango da bihar. Inskripzioaren datuak «arrakastatsuak» direla adierazi dute antolatzaileek, asteburu horretan federatuen txapelketa asko daudela jakinda. Gainera, jaitsierak bukatzean klubaren instalaziotan Hondarribiko Scooby musika taldeak joko du, eta txiringitoa irekita egongo da.
Lehenik, 15:30ean, txikien jaitsiera egingo da Komandantzia uhartetik. Segidan, 16:30ean, LVI. Bidasoaren Jaitsiera hasiko da, eta bertan, Euskal Herriko eta Espainiako 27 taldetako ordezkariek parte hartuko dute. Bi irteera egingo dira, Villanuevatik 16:30ean, eta San Migeldik 17:00etan. Federatutako 130 ontzi ibaieratuko dira: 34 K2, C2 bat, C1 ontzietatik sei, 88 K1 ontzi, eta errekako RR bat. Lehenengo txandan 82 ontzik hartuko dute parte, seniorrak eta jubenilak; bigarrenean 48k, gazteak, kadeteak eta beteranoak.
Federatuen jaitsiera bukatzerakoan, V. Jaitsiera Herrikoia hasiko da. Ez da garaikurrik banatuko, baina Decathlon dendan 50 euroko gastua egiteko lau txartel zozkatuko dituzte. Asteazkenean, herrikoiko 28 plaza zeuden beteta, eta gaur arte eman daiteke izena, klubaren instalazioetan. Bientzako kayakaren prezioa 24 eurokoa da, eta indibidualarena, 10 eurokoa. 13 urtetik gora behar dira lehiatzeko, eta 13 eta 17 urte bitartekoek helduekin joan beharko dute.