Gazteria arloak Irrisarri Land bisitatu du
Irungo Udalak Igantziko abentura parkean antolatu ditu 2007 eta 2015 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako udalekuak. Instalazioak bisitatu eta bertatik bertara ikusi dute nola ari den garatzen programa.
Irungo Udaleko Gazteria arloak Irrisarri Land bisitatu zuen atzo, udalak abentura parkean antolatzen dituen udalekuak bisitatzeko. Nuria Alzaga Gazteria ordezkaria eta beste zinegotzi batzuk izan ziren Igantziko parkean. Udalekuen programaren 54. ekitaldia da aurtengoa, eta 1968. urtetik antolatzen dira askotariko formatu eta kokalekuetan.
Aurtengo Irrisarri Land-eko udalekuen deialdia 2007 eta 2015 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta dago, biak barne, eta astebeteko sei txandatan egiten ari dira.
Udal ordezkariak bigarren txandako haurrekin izan ziren abentura parkean. 2010 eta 2012 urteen artean jaiotakoak dira bigarren txandako parte hartzaileak, eta hilaren 9tik daude Irrisarri Land-en. Hilaren 15ean, larunbata, bukatuko dira beren udalekuak. Udaleko kideak Irrisarri Land-en instalazioak bisitatu zituzten, eta bertatik bertara ikusi zuten nola ari den garatzen programa eta zer-nolako jarduerak egiten ari diren.
Lau txanda gehiago
Udalekuak bukatzeko lau txanda falta dira oraindik. Hirugarren txanda hilaren 15etik 21era izango da, 8 eta 10 urte bitarteko haurrekin; laugarrena hilaren 21etik 27ra gauzatuko da, 11 eta 13 urte arteko haurrekin; bosgarrena, aldiz, hilaren 27tik abuztuaren 2ra egingo da, 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin; azkenik, seigarrena, abuztuaren 2tik 8ra izango da, 11 eta 13 urte arteko haurrekin. Aurten 300 gaztek hartuko dute parte udalekuetan, 50 txanda bakoitzeko. Orotara, 519 pertsonek eman dute izena programan.
Era berean, uda honetarako ere beste programa bat eskaini du udalak, ‘AbenturaEro’ izenekoa. Parte hartzaileek, egun batean izan ezik, etxean egiten dute lo, eta jarduerak egunez egiten dira, Irunen edo inguruetan. Aurtengo udan 60 lagunek hartuko dute parte.