Euskal Jira bira eta bira, abuztuaren 5ean
Euskal kulturaren besta abuztuaren 4an hasiko da Korrontzirekin, eta egun handia, abuztuaren 5a izango da, desfilearena, alegia. Herri kiroletako pentatloi txapelketak itxiko du egitaraua, abuztuaren 6an.
Euskal Jirak baditu egunak eta egitaraua: abuztuaren 4, 5 eta 6. Hiru etapa bizi dituen festa honek pandemia ondorengoak pasa ditu eta eguzkia lagun izatea besterik ez dute falta. Iazkoa bikaina izan zen, Haimar Marcosek egindako bideo honetan ikus daitekeen bezala. HITZA ere bertan izan zen eta argazki sorta hau argitaratu zuen.
Euskal Jira euskaldunen historiaren “benetako adibidea” dela adierazi dute antolatzaileek, “atzora arte egunerokoa izan zen eta gaur egun gure kulturaren eta historiaren parte den guztia biltzen baitu: lanabesak, tresnak, jantziak eta baita batzuentzat oraindik gogoan dirauten eta beste batzuentzat guzti berriak diren gauzak ere”.
Urtean zehar egin daitezkeen beste euskal bestetatik bereizten diona da idiek tiratzen dituztela gurdiak. Gurdi bakoitzean gai bat hautatu eta horren gaineko irudikapen bat egiten dute, normalean hiriko eraikin bat edota antzinako euskal eguneroko lan euskaldunen bat izaten da. Horien egileak Euskal Jira antolatzen duten elkarte eta pertsonak izaten dira. Aurten, bederatzi gurdi ikusteko aukera izango da.
Nuria Altzaga Kultura zinegotziak adierazi du badirela bi galdera norbere buruari egiteko interesgarriak, “alde batetik, zer ospatzen dugu Euskal Jiran? eta nola izaten zen eta nola da orain?”. Altzagak dio argi duela “euskal kultura eta tradizioa” ospatzen dituela, “eta dudarik gabe gure historiaren benetako adibide garbi bat da”.
Euskal Jiraren batzordeak berreskuratu egin nahi du herri bazkaria, Uranzu pilotalekuan egiten zena. Aurten, beste toki batzuetan bazkaria berreskuratzen saiatu dira, “baina ezinezkoa egin zaigu”. Datorren urtera begira eta udalarekin elkarlanean herri bazkaria egitea lortu nahi dute “modu egokiena da jende gaztea erakartzeko gure festara”.