Santiagotarrakeko kirolariak, bikain
Maialen Zapiainek eta Joanes Payok brontzezko domina zintzilikatu zuten Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketan. Nerea Garcia, aldiz, laugarren izan zen 23 urtez azpiko Ur Lasaien Munduko Txapelketan, dominetatik 0,1 segundora.
Santiagotarrakeko arraunlari eta piraguistak hainbat lehiatan murgilduta egon ziren iragan asteburuan, eta maila onean daudela erakutsi zuten. Alde batetik, hilaren 7tik 9ra, infantil eta beterano mailetako Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketak lehiatu ziren Castrelo do Miñon (Ourense). Santiagotarrakek bost ontzirekin eta 23 arraunlarirekin hartu zuen parte, eta brontzezko domina batekin itzuli dira etxera. Domina hori Maialen Zapiainek eta Joanes Payok zintzilikatu zuten, infantil mailako skull bikoitz mistoan. Gainerakoan, honakoak dira irundarren emaitzak:
- Gizon beteranoan zortzikoa lemazainarekin: Koldo Laguardia, Ignacio Mancisidor, Iñigo Tejero, Joseba Larretxea, Peio Arsuaga, Aitor Gonzalez, Unai Goiogana, Josu Villafranca eta Urko Puy lemazaina, laugarren.
- Infantil mutilen skull laukoitza: Juan Martinez, Unai Arcelus, Martin Gonzalez eta Asier Yague, bosgarren.
- Gizon beteranoen skull laukoitza: Xabier Zubeldia, Silbore Etxebeste, Alfonso Diaz eta Antxon Arellano, zazpigarren.
- Infantil mutilen skull laukoitza: Julen Carro, Erro Lurgain, Marco Viniegra eta Unai Martiarena, bederatzigarren.
Iragan asteburuko estropadarekin, bukatutzat eman du denboraldia Santiagotarrakeko aulki mugikorreko sekzioak. Orain, eskoletako ate irekien ikastaroak hasiko dira, UDA 2023 Kanpainaren barruan. Ikastaro horiek, gehienbat, 2011 eta 2012 urteen artean jaiotako gazteei bideratuta daude.
Nerea Garcia, dominetatik gertu Munduko Txapelketan
Piraguismoko ur lasaien modalitatean, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa lehiatu zen hilaren 6tik 9ra, Italiar Alpeetako Auronzo di Cadore herrian. Nerea Garcia piraguista irundarra txapelketa horretan izan zen, bere taldekideekin batera K-4 500 metroko proban parte hartzeko. Ostiralean hasi zuten txapelketa, eta lehen lasterketa irabazi ondoren, larunbateko finalerako sailkatu ziren piraguista gazteak. Finalean ere lasterketa bikaina osatu zuten, baina laugarren postuan sailkatu ziren, dominetatik 0,1 segundora soilik. Garciaren hurrengo erronka 23 urtez azpiko Europako Txapelketa da, eta K-1 200 metroko proban arituko da.
Ur biziak
Ur bizietako modalitateari dagokionez, gazte promesen Espainiako Kopa lehiatu zen hilaren 8tik 9ra Sorten (Katalunia). Orotara, Santiagotarrakeko 28 piraguistak hartu zuten parte.