Parte hartze handia Hondarribia Rugby Beach txapelketan
19 talde eta 300 lagun bertaratuko dira larunbatean Hondarribira 10:00etan hasiko den txapelketara. Igandean, Txingudi Errugbi Taldeak 'Harpastum' pilota jokoa interpretatuko du Irungo San Juan plazan Dies Oiassoniseko programazioaren barruan.
Hondarribia Rugby Beach txapelketa lehiatuko da larunbat honetan, hilak 15, Hondarribiko hondartzan. Txingudi Errugbi Taldeak antolatutako txapelketa 10:00etan hasiko da Txingudiko kideek prestatuko dituzten bi zelaietan, eta eguerdi aldera bukatuko da. 11:30ean, talde parte hartzaileek atsedena egingo dute errugbi barneratzaileko jokalarien erakusketari tartea emateko.
Txingudik aurtengo lehiaketaren lehen zertzeladak aurreratu ditu, eta larunbatean jatorri ezberdineko 19 talde izango dira Hondarribian, hiru mailatan banatuta: txapelketa irekia (talde mistoak eta gizonenak), emakumeena eta beteranoena. Irekian bederatzi taldek lehiatuko dute, eta emakumeetan eta beteranoetan, aldiz, bosna talde arituko dira. Orotara, 19 taldek hartuko dute parte, txapelketaren errekorra hautsiz.
Errugbi taldeak Iparraldetik, Bordeletik, Burgosetik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik iritsiko dira Hondarribira, 300 lagunen parte hartzearekin. Horrez gain, errugbiaz harago, hondartzara bertaratzen diren ikusleek taberna eta merchandising postua izango dituzte eskuragarri pasealekuan, eta txapelketa bukatzean, errugbian ohikoa den hirugarren denbora eta sari banaketa egingo dituzte.
Honakoa da talde parte hartzaileen zerrenda:
- Txapelketa irekia (9): Euskal Barbarians, Keler, Las Pipas, Txikingudi, All Purple, Txikilcapo, Amigos de Asur, Enemigos de Asur eta Les Lords de Bordeaux.
- Emakumeak (5): Birra Birra, Kabitxos, Cheeta Girls, Bardos 1 eta Bardos 2.
- Beteranoak (5): B-Root, Golfos, Pirolitikak, Otso Zaharrak eta Aparejos.
Igandean, Dies Oiassonisen
Ostegunetik igandera Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XIII. ekitaldia ospatuko da Irunen, eta Txingudi Errugbi Taldea presente egongo da programazioan, lehen aldiz ospatuko den jarduera batekin. Igandean, hilak 16, 18:00etan, San Juan plazan, ‘Harpastum’ izeneko pilota jokoa interpretatuko dute. Kirol modalitate hori erromatar legionarioek jokatzen zuten pilota jokoa da.