Kuttuna haur eskolan greba hasi dute gaur
Ordainsaria gutxieneko soldatatik gertu dagoela salatu du ELA sindikatuak, eta deitoratu dute urteak daramatzatela lan baldintzak hobetzeko enpresarekin negoziatzeko bideak ireki nahian.
Gaur hasi eta ostiral bitarte Artiako Kuttuna haur eskolako hiru langileek greba egingo dute, ELA sindikatuaren babesarekin. Ordainsaria, gutxieneko soldatatik gertu dagoela salatu dute, eta oro har, lan baldintzak hobetzea eskatzen dute: urtean lanaldia oso zabala da, hitzarmenak hobetzea nahi dute, eta baimenekin eta kontziliaziorako baimenekin arazoak dituzte.
Mikel Uranga ELAko ordezkariak adierazi du “baldintza prekariotan” dabiltzala eta langileek urte luze daramatela enpresarekin negoziatu nahian sindikatuarekin harremanetan jarri aitzin, “baina enpresak ez du mintzorik egin gai horretan”. Ordezkariak argi du feminizatutako lan hau ez balego feminizatuta, “ziurrenik baldintzak beste era batekoak izango zirela”.
Batik bat, negoziatzen hasteko pausoak ematen hastea eskatzen diote langileek enpresari, eta hori eskatzeko mobilizazioak eta greba egitea besterik ez zaiela geratu deitoratu du Urangak.
Ogibide eta lan hau “funtsezkoa” dela azaldu du sindikatuak, “haurren zaintza, lehenengo urte horietako zaintza da eta kualifikatuta egotea eskatzen dizkiete”. Prestakuntzari helduta, enpresak tituluak eta hizkuntzak galdegiten diete langileei, baina horren truke ordainetan ematen zaiena ez dela “proportzionala ez eta egokia” salatu dute.
Zerbitzu bera eskaintzen duten beste enpresei begira ere jarri dira eta azaldu dute gizarte ekimeneko hitzarmena aplikagarria dela beste kasu askotan, “Ikastoletan ere, adibidez”. Bestelako baldintza nagusiak dituztela ogibide bereko beste langileek salatu dute, aktibitatea berdina denean.
Horrez gain, administrazio publikoaren partetik Kuttunak “babesa eta inbertsioa” duela baieztatu du ELAk, hau da, “interesa” dagoela. Hori horrela, errepikatu egin dute langileak ezin direla egoera prekarioan mantendu.