Irungo udal aldizkaria, kalean
Udal aldizkariaren 103. alea da datozen egunetan herritarrek beren etxeetan jasoko dutena. Azalean udalbatza berriaren argazkia darama.
Datozen egunetan Irungo 20.000 etxek baino gehiagok udal aldizkariaren 103. alea jasoko dutela jakinarazi du Irungo Udalak. 2023ko bigarren alea da honakoa, eta agintaldi berriaren lehena. Azalean ekainaren 17an osatu zen udalbatza berriaren argazkia darama ale berriak. Barrualdean, aldiz, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzak ikus daitezkeela aurreratu dute.
‘Irun Da eta plan ona da’ izenburupean, irakurleek udan hiriaz gozatzeko eskaintza guztiak aurkituko dituzte; hala nola, bihartik igandera ospatuko den Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, uztail eta abuztuko bisita gidatuak eta Irungo kultura eta natura ondarean “are gehiago” murgiltzeko aukerak.
Aldizkariak, gainera, gai zerrenda luzea dakarrela iragarri dute: 2023ko sanpedro eta sanmartzialen irudi bidezko laburpena, 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzako ‘Ingurune irekia’ programa komunitarioa edota udal albiste laburrak.
Ohiko atalek ere euren txokoa izango dute 103. alean: udal taldeentzako tribunak edota Irungo erromatar ibilbideari buruzko ‘Barrutik’ atalak. Etxeko postontzian jasotzeaz gain, aldizkaria Irungo Udaleko webgunean deskargatzeko aukera izango da.