Hegobusek Puiana eta Hendaiako hondartza lotuko ditu berriro
Iazko udan mugaz gaindiko zerbitzuak bere ibilbidea luzatu zuen Irunen. Aurten ere iazko ibilbide bera egingo du, uztailetik irailaren 3ra.
Euskal Herria Hiri Elkargoaren garraio kolektiboko sareetako bat da Hegobus zerbitzua, eta iazko udan, Irunen duen presentzia areagotu zuen. Ordura arte, hiri erdialderaino sartzen zen mugaz gaindiko linea, Fermin Calbeton kaleraino. Iazko udan, baina, abiaburu bat jarri zen Puianan, eta hiri osoa zeharkatzen hasi zen. Uda honetan iazko ibilbide bera egingo du.
Hegobusen 31. lineak ematen du zerbitzua, eta irailaren 3ra arte egongo da martxan udako ibilbide hori. Data horren ondoren ohiko ibilbidera itzuliko da, hau da, Fermin Calbeton kaleraino. Gauzak horrela, uztailean eta abuztuan, egunero, autobus batek Puiana eta Hendaiako hondartza lotuko ditu, tartean zenbait geldialdi eginez. 50 minutuan behin ibiltzen da, eta txartelaren kostua 1,20 eurokoa da.
Joanekoan, honakoak izango dira geldialdiak: Puiana, Letxunborro hiribidea (Gibanakan), Hondarribia kalea (Gurutze Gorriaren egoitzan), Colon ibilbidea (43 zenbakian), San Juan plaza eta Ficoba. Itzulerako geltokiak, aldiz, honakoa izango dira: Ficoba, Fermin Calbeton kalea, Topo geltokia, Hondarribia kalea, Letxunborro hiribidea (Gibeletan) eta Puiana.
Hegobus garraio sareak hiri barruko zein hiriarteko zerbitzuak ematen ditu, eta 2016an iritsi zen zerbitzua Irunera. Hegobusen iritsiera “Bidasoaren bi aldeetako mugaz gaindiko harremanetarako oso urrats garrantzitsua” izan zela adierazi du Irungo Udalak. Horrez gain, udalak gogorarazi du 33. linea ere Irunera iristen dela. Linea horrek Hendaiako hondartza eta Behobia arteko ibilbidea egiten du.
Hegobus zerbitzuaren informazio guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke. Bertan aurki daitezke zerbitzuaren xehetasun guztiak.