Bidasoaren jaitsieretarako dena prest du Santiagotarrak klubak
Jaitsiera Herrikoian parte hartzeko izena eman daiteke ostiral bitarte, eta gogoratu dute 13 eta 17 urte bitartekoek heldu batekin joan beharko dutela. "Espektakulu handia" izango dela aurreratu du Santiagotarrakek.
Ezin busti gabe geratzeko hitzordua daukate bihar piraguazaleek: Bidasoaren jaitsierak. Pluralean, bai, hiru direlako: Santiagotarraken sorrerarekin lotura duenak 56. edizioa izango du, nahiz eta klubak 57 urte dituen; III. Bidasoa Txiki ere egingo dute eta 13 urtetik behera izan behar dira bertan parte hartzeko; eta azkenik, V. Jaitsiera Herrikoia egingo da.
Duela 57 urte hasi zen txapelketa nagusia eta oilo eta arrautzaren historiarena gertatzen dela diote: «Ez dakigu jaitsieragatik sortu zen kluba, edo kluba hazi den jaitsieraren garapenagatik». Antxon Arellano klubeko zuzendariak animatu egin ditu irundarrak parte hartzera zein «espektakulu handia» ikustera.
Jaitsierak
Lehen jaitsieratik, azkenekora 200 kayak baino gehiago ikusteko aukera izango da biharkoa. Jaitsieraren inskripzio datuak «arrakastatsuak» direla adierazi dute antolatzaileek, asteburu horretan federatuen txapelketa asko daudela jakinda. Gainera, jaitsierak bukatzean klubaren instalaziotan Hondarribiko Scooby taldeak joko du eta txiringitoa irekita egongo da.
Lehenik, 15:30ean, txikien jaitsiera egingo da Komandantzia uhartetik. Segidan, 16:30ean, LVI. Bidasoaren Jaitsiera hasiko da, eta bertan, Euskal Herriko eta Espainiako 27 klubek parte hartuko dute, 11 probintzietakoak. Bi irteera egingo dira, Villanuevatik 16:30ean, eta San Migeletik, 17:00etan. Edizio honetan, federatutako 130 ontzi ibaieratuko dira, 34 K2 ontzietan banatuta, C2 bat izango da, C1 ontzietatik sei, 88 K1 ontzi, eta errekako RR bat. Lehenengo txandan, 82 ontzik hartuko dute parte, seniorrak eta jubenilak; bigarrenean 48k, gazteak, kadeteak eta beteranoak.
Federatuen jaitsiera bukatzerakoan, V. Jaitsiera Herrikoia hasiko da. Ez dela garaikurrik banatuko diote antolatzaileek, baina Decathlon dendan 50 euroko gastua egiteko lau txartel zozkatuko dituzte. Asteazkenean, 28 plaza zeuden beteta eta gaur arte eman daiteke izena, klubaren instalakuntzetara gerturatuta. Bientzako kayakaren prezioa 24 eurokoa da, eta indibidualarena, 10 eurokoa. 13 urtetik gora behar dira lehiatzeko, eta 13 eta 17 urte bitartekoek helduekin joan beharko dute.
- 14:15ean: Kluben material banaketa eta arropa aldaketa.
- 15:00ean: Autobusaren irteera klubetik San Migelera.
- 15:30ean: III. Bidasoa Txiki. Fasai edota Komandantzia uhartea deiturikotik aterako dira 13 urtetik beherakoak.
- 15:30ean: Jaitsiera herrikoian parte hartu behar dutenak, San Migel beste aldera pasako dira.
- 16:30ean: LVI. Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera.
- Lehen irteera: 16:30ean Villanuevatik.
- Bigarren irteera: 17:00etan San Migeletik.
- 16:45ean: V. Bidasoaren Jaitsiera Herrikoia, San Migeletik.