Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza Plana, martxan
Irungo Udalak esku hartzeko ardatz nagusiak aztertu, gomendioak bildu eta lanerako gida bat prestatu nahi du. Herritarren partaidetza izango da protagonista planaren eraketan.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du 2023-2027 eperako Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza plan baten idazketa enkargatu eta jarri duela martxan. Honela definitu du planaren eraketa Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak: “Udalak ibilbide nabarmena egin du hemen bizi diren eta lan egiten duten atzerritarrei integratzen laguntzen, eta, plan honen bidez, kulturartekotasunaren aldeko ekimen eta konpromisoa areagotu eta sendotu nahi dugu, kulturartekotasuna gure gizartearentzat aberasgarria delakoan eta bizikidetza hobetzeko, diskriminazioa txikitzeko eta gizartearen kohesioa handitzeko balio duelakoan”.
Egitasmo horren bidez, udalak esku hartzeko ardatz nagusiak aztertu, esku hartzeko gomendioak bildu eta datozen urteetarako lanerako gida bat prestatu nahi du. Horrez gain, partaidetza bidezko hausnarketa prozesu bat abiarazteko asmoa du udal erakundeak, Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza Plana onartzeko eta udalak jatorri aniztasuna eta immigrazioa kulturarteko ikuspegitik lantzeko esparru estrategiko baten oinarriak finkatzeko.
Planaren idazketari esker, honako jarduera esparruetan murgilduko da udala: atzerritarren immigrazio eta gizarteratze prozesuei eta bizikidetzari buruz hausnartzea; bizikidetza hobetzeko eta jatorri desberdinetako populazioen gizarteratze prozesuak sustatzeko udal lan ildoak barnean hartzen dituen esparru kontzeptual bat osatzea; Irunen immigrazioaren eta bizikidetzaren esparruan esku hartzeko jarduera politikoaren ardatzak partaidetzaren bidez ezartzea; eta bizikidetza hobetzeko, diskriminazioa txikitzeko, gizartearen kohesioa handitzeko eta immigrante kolektiboei gizarteratze prozesuetan laguntzeko udal proposamen, programa eta jarduerak ezartzen den esparru kontzeptualaren barruan kokatu eta antolatzea.
Udalak adierazi du Begirune Fundazioari enkargatu diola planaren idazketa 17.545 euroan. Udalak baietsi du Begirune Fundazioa osatzen duten kideak ikerketa sozial aplikatuan adituak direla eta esperientzia handia dutela erakunde publiko eta pribatuentzat jarduera planak prestatzen.
Partaidetza bidezko plana
Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza Planaren idazketa bost fasetan banatzea planteatu dela aurreratu du Irungo Udalak. Lehenengoan, dokumentazio lana egingo da; bigarrenean, elkarrizketak egingo zaizkie eragile nagusiei (gizarte eragileei zein teknikari eta politikariei); hirugarrenean, hiriko kolektibo sozialek eta beste entitate batzuek parte hartzeko eztabaida taldeak sortuko dira; laugarrenean, zirriborroa idatziko da; eta bosgarrenean, aldiz, plana kontrastatu eta idatziko da.
Udalak alor horretan egiten duen lanari dagokionez, azaldu dute bitartekaritza lantalde bat dutela gizarte hezitzaile batek, bitartekari arabiar batek eta bitartekari errumaniar batek osatuta. Horrez gain, udal erakundeak “askotariko proiektuak” ditu martxan “etorkinak erabat integratzeko”; hala nola, ‘Ikusmira’ programa hiriko instalazio eta baliabideei buruzko informazioa emateko; edota ‘Gure Artean’ egitasmoa emakumeei interesgarriak gerta dakizkiekeen gaiak lantzeko (autoestimua, abilezia sozialak edota lana bilatzeko tresnak). Iaz, orotara, 343 lagunek hartu zuten parte horrelako programetan.