Gastronomia egitarau garrantzitsuarekin dator Dies Oiassonis
Ekintza gastronomikoak erromatar sukaldaritzan oinarrituko dira, eta jarduera horiek garrantzia handia dute egitaraua osatzen duten berrogeita hamar jardueren artean.
Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XIII. ekitaldiak Irungo kaleak hartuko ditu hilaren 13tik 16ra. Jaialdia indartsu dator, berrogeita hamar jarduerarekin, tartean ekintza gastronomikoak daudelarik, eta Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Hiri Bultzadako ordezkariak, egitasmoko protagonista batzuekin batera, egitarau gastronomikoaren jarduera guztiak aurkeztu ditu gaur goizean egindako agerraldian.
Ekintza gastronomikoak erromatar sukaldaritzan oinarrituko direla adierazi du Paezek, eta jarduera horiek “garrantzia handia” izango dute egitaraua osatzen duten berrogeita hamar jardueren artean. Erromatar pintxoaren ibilbidea, ‘Convivium In Circus Romanus’ afari erromatarra, arrain zoparen lehiaketa eta gastronomia ardatz duten hitzaldiak dira Dies Oiassoniseko gastronomia ekintzak. Paezen hitzetan, egitarau gastronomikoaren helburua da “sukaldaritza eta gastronomia lokalaren garrantzia azpimarratzea, baita tokiko kontsumoa sustatzea ere”.
Hona hemen gastronomia ekintza guztien egutegia:
Erromatar pintxoaren ibilbidea
Hilaren 7tik 16ra bitartean gauzatuko da. Jaialdian zehar, hiriko hogei ostalaritza establezimenduk erromatar garaiko produktu eta osagaietan oinarritutako sukaldaritza eskainiko dute.
Honakoak dira establezimendu parte hartzaileak: Aitzola-Bakar, Colon, Danako, Don Jabugo, El Bule, El Tostadero, Felix Manso Ibarla, Gaztelumendi, Izkina, Manolo, Mari, Marken, Naroa, Sargia, Swing Berri, Txingudi Errugbi Taberna, Virginia eta Yon Gallardo.
‘Convivium In Circus Romanus’
Afari erromatarra hilaren 14an, ostirala, egingo da San Juan plazan, 21:30ean. Afariaz gain, Antzinako Erroman oinarritutako ikuskizun bat ere egongo da. Partaideei afarira erromatarrez jantzita joan daitezen animatu dituzte.
Sarrerak eskuragarri daude Irungo Turismo Bulegoan, 30 euroko prezioan. Eguraldi txarra egingo balu, afaria Santiagoko pilotalekura lekualdatuko litzateke. Danako, Felix Manso Ibarla, Irungo Atsegina eta Atalaia dira jatetxe parte hartzaileak.
Arrain zopa lehiaketa
Aurtengo Dies Oiassonisek duen berritasunetako bat da arrain zopa lehiaketa. Hilaren 15ean, larunbata, egingo da San Juan plazan, 11:00etan. Kanpoko sukaldari batzuek hartuko dute parte, eta showcooking formatua izango du. Parte hartzaile kopuru mugatua izango du saioak, eta sarrerak Irungo Turismo Bulegoan eskura daitezke bost euroan. Sarrerarekin, showcooking lehiaketa jarraitzeaz gain, epaimahaikide izateko aukera ere badago.
Gastronomia jardunaldiak
Gastronomia ardatz, hiru hitzaldi emango dituzte hilaren 14an, ostirala, Oiasso Museoan. 18:00etatik 19:30era izango dira, ‘Zer jaten zuten erromatarrek? Probatu zeuk’ izenburupean. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte. Hauexek dira hizlariak eta hitzaldiak:
- Frederick Duharte: ‘Janari euskaldunak, historia erromatarrak’.
- Rosa Tovar: ‘Erromatar sukaldaritzaren bi izakinak Iberiar penintsulan. Istorio zirraragarria’.
- David Chamorro: ‘Hartzidurak. Garunetik arrain saltsara’.
Afari erromatarreko eta arrain zopa lehiaketako sarrerak eskuragarri daude jada, eta biak ala biak Irungo Turismo Bulegoan erosi behar dira. Honakoa da bulegoaren ordutegia:
- Hilaren 2tik irailaren 15era.
- Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etik 19:30era.
- Igandetan, 10:00etatik 14:00etara.