Bidasoa Irun ez da Europan izango datorren urtean
Europako Eskubaloi Federazioak datorren denboraldiko Europa Ligan parte hartuko duten taldeen zerrenda iragarri du, eta Bidasoa Irunen parte hartzeko eskaera ez du onartu.
Europako Eskubaloi Federazioak (EHF) datorren urteko Europa Ligan parte hartuko duten taldeen zerrenda iragarri du, eta Bidasoa Irunen parte hartzeko eskaera ez du onartu. Hortaz, datorren denboraldian, bidasoarrek ez dute Europan bosgarren aldiz jarraian jokatzerik izango.
Klubak eskerrak eman dizkie Europan jokatzeko bidea arakatzen lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei. Bidasoak adierazi du lanerako itzulera prestatzen ari direla, “seigarren denboraldiz jarraian Europako postuei aurre egiten saiatzeko”. Jacobo Cuetararen mutilek hilaren 26an hasiko dute denboraldi aurrea Artalekun, eta denboraldiko Asobal Ligako lehen neurketa irailaren 9ko eta 10eko asteburuan jokatuko dute irundarrek.
Denboraldi aurreari dagokionez, bost lagunarteko partida iragarri ditu klubak, 2023-2024 sasoia prestatzen lagunduko dutenak. Hona hemen partiden zerrenda:
- Abuztuak 5: Bidasoa Irun-Billère Handball Pau Pyrénées (lekua zehazteke).
- Abuztuak 11: Bidasoa Irun-Bathco Torrelavega (Orioko Karela kiroldegian).
- Abuztuak 12: Bidasoa Irun-MT Melsungen (Artalekun).
- Abuztuak 18 eta 19: XXVII. Egiako Nazioarteko Txapelketa (kartela iragartzeke).