Polinizatzaileen pista jokoa, Lapurriturriren hurrengo proposamena
Hilaren 15ean egingo da jarduera, 11:00etan, eta Lapurriturritik hurbil dauden bide ertzetako izaki bizidunak ezagutaraziko dituzte. Izena emateko azken eguna hilaren 12a da.
Lapurriturriko informazio puntuak abian du jada sasoi berria, eta udako denboraldiari jarraipena emango dio hilaren 15erako (larunbata) antolatu duen ‘Polinizatzaileen pista jokoa’ jarduerarekin, 11:00etan. Irteera hori berria dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta ibilaldiaren asmoa Lapurriturritik hurbil dauden bide ertzetako izaki bizidunak ezagutaraztea dela gaineratu dute. Izaki horien artean polinizatzaileetan jarriko dute arreta.
Jarduera oinez eta pista joko baten bidez egingo dela aurreratu dute. Pista joko horretan izaki bizidunen irudiak eta izenak erlazionatu beharko dituzte parte hartzaileek, animalia bakoitza habitat batean kokatuz edota erle eta liztor motak bereiziz. Jokoa bukatutakoan, jolas dinamiko baten bidez birpasatu egingo dela zehaztu dute antolatzaileek.
Informazio puntutik baietsi dute pista jokoa herritar guztientzako jarduera bat dela, bereziki 6 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familientzako. Izen-emateak hilaren 12ra arte (asteazkena) egin daitezke, bi modutara: 010 telefonora deituz edo Irungo Udalaren webgunearen bidez.
Lapurriturri, jardueraz beteta
Polinizatzaileak ardatz dituen pista jokoa da Lapurriturriren proposamen berria, baina ez azkena. Informazio puntuak maiatzaren 28an ireki zituen ateak natur ingurunean bizi diren hegaztiak ezagutzeko irteera bat eginez, eta udan eta udazkenean beste txango batzuk egitea aurreikusten dute Lapurriturriko kideek. Horrez gain, jendeari arreta emateko ordutegia ohikoa izango dela gogorarazi dute: ekainetik urrira bitartean, asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara.