Orroealdia jaioko da bihar Lakaxitan
Zarata eta musika esperimentalaren aterpea izango da bihar Lakaxita. Orruealdia sortu dute bertako kideek eta lehen emanaldia bihar eskainiko dute gaztetxean.
Lakaxita bizi-bizirik dago eta hori ikasturtean zehar nabaria izan da: 20 bat kontzertu eta bestelako kultur ekintza antolatu dira 2022-2023 denboraldian. Horrez gain, auzolan ugari egiten ari dira, baratzean lanean dabiltza hirugarren urtez, eta eraikinaren itxura edertzen ari dira ere. Esaterako, Cristina Juanizek murala egin du aurten etxearen atarian.
Udaran deskantsua hartu ohi da Lakaxitan, emanaldi bat edo beste salbuespen izanda. Baina, uztaila honetan ez dira geldirik egongo. Dagoeneko hilaren 2an kontzertuak eskaini zituzten eta, bihar, Orroealdia jaioko da.
Orroa animaliek emozioak komunikatzeko egiten duten soinu edo zaratari deritzo. Akaso, definizio horretatik abiatuta uler daiteke Orruealdia deitu izana saio hauei.
Asmoa, zarata eta musika esperimentala egiten duten musikariei “aske eta baldintzarik gabe esperimentatu eta jolasteko aukera” eskaintzea dela diote gaztetxeko kideek. Lehenbiziko emanaldia bihar, 22:00etan izango da, 5 euroan.
Estreinaldira bertaratuko direnek hiru artista entzuteko aukera izango dute: Amsia, Txtura eta Marrajo. Etorkizunean emanaldi gehiago egingo dituztela aurreratu dute.