Komun publikoak zabaltzen hasi dira
Hondarribian ezarritako sei komun berrietatik bi ireki dituzte: Molla Ibilbidekoa eta hondartzakoa.
Martxoaren hasieran ekin zioten Hondarribian sei komun publiko instalatzeko obrei. Sei hilabeteren ondoren lehenengo komunak zabaltzen hasi dira.
Joan den ostiralean abiarazi zituzten Molla Ibilbideko eta hondartzako komun autogarbigarriak. Gainontzekoak datozen egunetan zabalduko dituztela iragarri dute.
Amute kirol guneko komunean “Iberdrolak kontadorea jartzea” falta dela azaldu dute; Guadalupe Santutegiko atzekaldekoan, azken frogan egiten ari dira “uraren presioarekin arazoak izaten ari garelako”; Eta azken bi komunen kokapena, “egokia den edo ez” aztertzen ari direla jakinarazi du udalak: Martxoak 8 plaza eta Mendeluko komunak dira horiek. “Lekuz aldatzea bideragarria den ikusi nahi dugu” azaldu du Gobernu taldeak. Emaitzak ahal bezain laster izatea espero dute.
Guztiak zabaltzen direnean hamar komun izango dira herritarren eskura egongo direnak; autogarbigarriak, erabilera mistokoak eta mugikortasun urritua duten pertsonei egokitutakoak.