Jaien "oso balorazio positiboa" egin du udalak
Atalez atal egin du balorazioa udalak, eta erasoei buruz esan du ez dela inolakorik erregistratu. Aldiz, Bidasoko Itaiak hiru eraso salatu zituen.
Gaur agerraldia egin dute udaletxean 2023ko San Pedro eta San Martzial jaien balorazioa egiteko Jose Antonio Santanok, Kultura eta Gazteriako ordezkari Nuria Altzagak, Gizarte Ongizate eta Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak eta Mugikortasuneko eta Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek. Haiekin batera izan dira ere Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ordezkari bana.
Jaien begirada panoramikoa eginda “oso balorazio positiboa” egin du udalak. Aurtengo bestek irundarren partaidetzagatik eta dedikazioagatik egin ahal izan direla adierazi du alkateak. “Jaia eta giro ona izan dira nagusi egun handiak ongi baino hobeto ospatu dituen hirian”.
Jarduera programa 119 proposamenek osatzen zuten eta horietako bat bakarra izan da bertan behera utzi zutena. Horietatik bi jarduerak arrakasta handia izan zuten, sarrera guztiak bukatu zirelako: San Martzialeko igoera atletikoa eta uztailaren 1eko pilota partidua. Azkeneko honetan 715 pertsona izan ziren ikusle.
Kontzertuen kartela “indartu” egin dela diote sozialistek, eta asistentzia handiagoa izan dela ere baieztatu dute. Bustamanteren kontzertuan 9.000 pertsona elkartu ziren; En Tol Sarmientorenean 4.500 eta datu zehatzak eman ez badituzte ere, Gazteguneko Bengo eta Santa Saluten kontzertuek erantzun zabala izan zuten ere.
Babes Zibileko Udal Plana aktibatuta zegoen eta udaltzainek eta ertzainek nabarmendu dute dena aurreikusten zen moduan gauzatu dela, “ez da aipatzeko gorabeherarik edo gorabehera deigarririk izan, jaietako jardueren barruan ohikoak direnez aparte”. Lapurretak ere izan dira eta 20 dira erregistratu dituzten salaketak. “Gehienak objektu pertsonalak izan dira, hala nola, telefono mugikorrak”.
Asistentzia sanitarioak ere egin dira eta hilaren 28, 29 eta 30ean 38 esku hartze egin zituzten osasun profesionalek. Nagusiki lesioak izan ziren, sortu ziren erorikoengatik, sinkopeengatik eta intoxikazio etilikoengatik.
Bestalde, adikzioak prebenitzeko dispositiboa ere egon da eta prebentziozko alkoholemiara 264 pertsona gerturatu ziren hilaren 24an. Botiltzarra programak harrera ona izan zuen ere, 472 lagunek hartu baitzuten parte. Guztira, 150 alkoholimetro banatu ziren ere.
Erasoak
Udalak indarkeria matxistaren biktimei zuzentzen zaien arreta eta akonpainamendu zerbitzu bat eskaini zuen, prebentzio gisa eta eraso bat gertatzekotan laguntza eskaini ahal izateko. Baieztatu dute “ez dela dei bakar bat ere erregistratu, ezta whatsapp mezurik ere arreta telefonoan jaso ere”.
Bere bidetik, Bidasoko Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa ondu zuen eta horren barnean telefono bat jarri zuten eskura eraso baten aurrean erantzuna edota laguntza behar izatekotan.
Udalaren esanen kontrara, hiru erasoen berri izan zuen taldeak. Lehena, 17 gauean izan zen Irungo taberna batean; bigarrena, 24 gauean izan zen, gizon batek “neska bat etxera jarraitu zuen, garrasika beldurtzen zuen bitartean”; eta hirugarrena, 28 gauean gertatu zen, txosnen eremuan. Horiek guztiak haien Instagram eta Twitter kontuetan jaso ditu antolakundeak.
Salaketak ez dira zenbakiak eta Itaiak eraso bakoitza publiko egin duenean irakurketa kaleratu du: “Oraindik ere gure aurkako erasoek errealitate izaten jarraitzen dute, eta jai giroan are gehiago nabarmentzen dira. Hala, jazarpen eta biolentzia jarrerak normalizatu egiten dira. Horren aurrean, berebiziko garrantzia du eraso matxistak salatzeak eta erasotzaileei aurre egiteak. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez!”.