Irun eta Hendaia arteko mugen irekitzea eskatzeko moztu dute Santiago zubia
Hainbat eragile, sindikatu eta alderdik batuta itxi dute Santiago zubia. Pertsonen "ehiza" bukatzea galdegin dute, besteak beste, eta ohartarazi dute uda honetan frantses poliziak droneak erabiliko dituela migranteak kontrolatzeko.
Santiago zubia itxi dute gaur 100dik gora izan diren herritarrek, hainbat eragilek elkartzeko deitu ondoren: Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz karabana.
Aste honetan, egun bateko tartearekin, Etorbidearen zubia ireki eta itxi egin dute, Frantziako Tourra pasatu behar zela-eta. Horren harira, “gezurrezko mugen irekitzea” salatu dute. Itxiera horrek, etengabeko kanporaketek eta kontrol arrazistek “giza eskubideak, migranteen eskubideak eta estatuek sinatutako itunak” urratzen dituztela esan dute eta, ondorioz, “hildakoak eragiten dituzte”.
Zubiaren egoera hori medio, Gipuzkoatik Lapurdira igaro nahian bederatzi pertsona hil direla oroitu dute eta argi utzi nahi izan dute ez direla “ezbeharrak” izan eta heriotza horiek “ekidin” zitezkeela. Heriotza horiek zerk eragiten duten mahai gaineratu dute beste behin: “Berriro diogu. Europar Batasunak eta Frantziako eta Espainiako estatuek aplikatzen dituzten migrazio politika arrazistak dira eragile zuzenak”.
Bidasoan migranteei eskubide guztiak kentzen zaizkiela salatu dute: “zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea eta harrera duina”. Hori gutxi ez eta muga ingurua militarizatu dutela deitoratu dute, “pasabideak oztopatu”. Migranteei ez ezik, bidasoarrei ere “bizitza baldintzatzen” dietela diote.
Bi estatuei eta eskualdeko gobernuei eskaera batzuk egin dizkiete “lan egin dezaten eskubideen urraketa eta kontrolpeko egoera honekin amaitzeko”. Gainera, jarraian irakurri ahalko diren eskakizunengatik uztailaren 22erako hitzordua finkatu dute eta dei egin diete herritarrei eta hautetsiei “mugen irekiera exijitzeko”. Hitzez hitz egindako galdegiteak:
Behar ditugu:
- Zirkulazio askatasuna eta bide seguruak guztiontzat: zubiak behin betiko ireki ditzatela eskatzen dugu. Joan den egunotako antzerkia lotsagarria izan da.
- 2020tik Bidasoaldea zonalde kontrolatua eta militarizatua da. Berriki jakin dugu uda honetan droneak baliatuko dituztela pertsonen ehizarako. Pertsona migranteen giza eskubideak etengabe zapaltzen dituzte estatu frantses eta espainolak. baina gure herriak harrera herriak dira.
- Pasa den azaroaren 1ean, eragile, elkarte, sindikatu eta alderdietako kideek oinezkoen zubia ireki. genuen egoeraren zentzugabekeria salatzeko. Aste honetako antzerkiak erakutsi du bakoitza bere aldetik ibilita ez dugula ezer lortuko. Beraz, premiazkoa da jendartea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak elkarrekin lanean hastea, migrazio politika arrazista eta hiltzaile hauekin bukatzeko.
- Pertsona migranteen eskubideak gureak ere badira. Estatuek zaurgarrienen eta guztion eskubideak urratzen dituzte. Beraiek legeak urratzen dituzte. Ez dugu amore emango.
- Elkartasuna ez da delitua: pertsona migranteen jazarpenari, elkarte solidarioetako kideen jazarpena gehitzen zaio. Baina, Frantziako estatuak legez aitortu zuen 2018an elkartasuna ez dela delitua. Bere hitza jaten dute berriz ere.