EH Bilduk aurtengo alardearen balorazioa egin du
Alkatearen harrera "etorkizunean bide honetan aurrerapausoak emango direnaren isla izatea" nahi dute abertzaleek eta salatu dute hirian ekainaren 30ean bueltan gertatzen dena ez dela "normaltasuna".
Pasa den ostiralean egin zuen alarde parekideak bere desfilea eta lehen aldiz Jose Antonio Santano alkateak harrera egin zien. Berarekin batera ere estreinakoz atera ziren balkoira popularrak eta jeltzaleak, alderdien izenean. Jaiak bukatu direnean, EH Bilduk aurtengo alardearen nondik norakoen balantzea egin du.
Hasteko, eskerrak eman eta zoriondu egin dituzte alarde parekidearekin bat egin duten herritarrak. “Irungo kaleetan sortutako jai giroa harro egoteko modukoa izan zen, eta kaleak bete zituzten irundarren aldetik jasotako babesa, izugarria”.
Orain arte harrera egin ez zuten ordezkarien agertzeari buruz esan dute “emandako pausua positiboki” baloratzen dutela eta urrats hori “etorkizunean bide honetan aurrerapausoak emango direnaren isla izatea” nahi dute, “denbora gehiegi luzatutako gatazka honetan”.
Foru diputatu izendatu berri duten Eider Mendoza ere aipatu du koalizio abertzaleak, “aukera paregabea galdu du Gipuzkoako arduradun gisa Irungo jaietan ere emakumeen eskubide berdintasunarekin bere konpromisoa erakusteko”.
Abertzaleek adierazi dute bidea egiteke dagoela oraindik eta horren erakusle dela San Martzial egunean udal ordezkariek botoa ematean alarde publikoko kideek ezin bertaratzea ordutegia dela-eta: “Alarde Publikoan parte hartzen duten kargu publiko, zein herritarrak, bertaratu ahal izateko aukerarik ez ematea”.
Boto hartzera herritar guztiak joan ahal izateko ordutegia aldatu beharra dago. Izan ere, 12:00etan dute finkatuta hitzordua, eta ordurako alarde parekideak ez du desfilatzen bukatu, bai aldiz baztertzailekoek. Ildo horretan, ordutegiaren aldaketa eskatu dute berriz ere abertzaleek, azken bi urteetan eska bezala.
Alardea udalak berriz antola dezan eskatu du beste behin EH Bilduk, “herriarena den jaia herritar guztiontzat berreskuratzea ezinbestekoa baita”.
Bestetik, ekainaren 22an San Juan plazan alarde parekideko bi neskek jasandako erasoaz gogoratu dute espazio publikoan izan zela nesken kanporaketa. “Irunen ekainaren 30aren bueltan gertatzen dena ez da normaltasuna”.
Azkenik, arduraz jokatzen segitzeko konpromisoa hartu dute, “Irundarrek merezi dugun, eta emakumeen parte hartze askea bermatzen duen jaien alde”. Emakumeekin duten konpromisoa “irmoa” dela azaldu dute, “jaietan eta alardean”. Hori dela eta, hiri “berdinzale baten eraikuntzan bidelagun” izango direla diote “emakumeen eskubidean defendatzeko bidean”.