Bortxa matxista zapi gorriekin estali nahian
Bihar hamabost urte beteko dira Iruñean Jose Diego Yllanes medikuak Nagore Laffage hil zuenetik. Adituen ustez, auziak agerian utzi zuen erakundeen kezka nagusia ez zela indarkeria matxistari aurre egitea, «hiriaren irudi ona zaintzea» baizik.
Astelehenean, omenaldia egin zioten Nagore Laffageri Iruñean. 2008. urteaz geroztik, Astelehen Lilak elkarte feministak urtero antolatu ohi du irundar gaztearen omenezko eta indarkeria matxistaren aurkako ekitaldia, sanferminen aurretik. Aurten, hamabost urte bete dira Jose Diego Yllanes mediku iruindarrak Laffage hil zuenetik, eta, efemeridearen arrimura, elkarretaratzean parte hartu zuten Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak eta Carlos Salvador Berdintasun zinegotziak, militante feministekin eta Laffageren familiarekin batera.
Erakundeak, ordea, ez dira betidanik egon biktimaren eta feministen aldamenean. Hasieran, Iruñeko Udalak jarrera epela erakutsi zuen, eta Laffageren aldeko ekitaldien antolaketa oztopatu zuen behin baino gehiagotan. Mugimendu feministak udalari egotzi izan dio erasook «sanferminen irudiari» egiten dioten laidoan jarri ohi duela azpimarra, sexu erasoetan jarri beharrean.
«Hilketaren ostean, urte hartako sanferminak ez zituzten eten», gogoratu du Zaloa Basabek. Genero gaietan aditua da Basabe, eta Iruñeko Udaleko Berdintasun Alorreko koordinatzaile izan zen hainbat urtez. Oso kritikoa da erakundeek auzi honetan izandako jokabidearekin: «2008ko sanferminak berdin-berdin ospatu zituzten, eta, horrela, mezu bat bidali ziguten emakumeoi: zuei gertatzen zaizuenak ez du festa gelditzeko adinako garrantzirik».
Yolanda Barcina zen Iruñeko alkate Laffage hil zutenean. Uztailaren 15ean, agerraldia egin zuen sanferminen balorazioa egiteko. Hilketaren gaineko iritzia espero zuten bertaratutako kazetariek. Barcinak, ordea, betiko diskurtsoari eutsi zion, aparteko ezer gertatu ez balitz bezala: 2008ko festak «oso onak» izan zirela esan zuen, «arrakasta» hitza nabarmenduta. Laffage ere aipatu zuen 25 orriko diskurtsoan, baina tarte handiagoa eskaini zien, esate baterako, prozesioan izandako istiluei.
Jokabide horrekin Iruñeko Udalak «salbuespenaren narratiba bat» ezarri nahi izan zuela uste du Samara Velte kazetari, ikerlari eta Nik sinisten dizut liburuaren egileak. «Bortxaketaren kulturaz ari garenean, horretaz ere ari gara: asumitzen da sistemak ongi funtzionatzen duela, oro har, eta halako gertakariak akatsak besterik ez direla». Velteren irudiko, halako kontakizunek «azalpen indibidualak» soilik eskaintzen dituzte, «egiturazkoa den arazo bat» esplikatzeko: «Erasotzailea antisoziala dela, munstro bat dela, biktimak hau ala bestea egin zuela… Azalpen horiek ez gaituzte eramaten hurrengo urratsera: sistema bera zalantzan jartzera».
Hedabideen rola
Indarkeria matxista «auzi politikoa» dela azaldu du, eta hori ukatzea egotzi dio udalari: «Indarkeriaren izaera politikoa ezkutatzen edo testuingurutik ateratzen duzunean, auzia erlatibizatzen ari zara, eta horrek inbisibilizazio bat dakar». Veltek eta Basabek biek uste dute jokabide hori ez dela aldatu azken urteetan: «Orduko eufemismoak erabiltzen ditugu oraindik: puntu beltza, orbana, giro aparta itsustu duen elementua… Aitortzen dugu elementu negatiboa dela, traba egiten digula, baina ez ditugu auzitan jarriko gure portaera eta gizartearen funtzionamendua», salatu du Veltek.
2008an Yllanesek krimena aitortuta, sufrikarioa ez zen amaitu Laffageren senide eta lagunentzat: hedabideek xehetasun osoz azaldu zituzten hilketaren pasarte guztiak, eta auzitan jarri zuten biktimaren jokabidea ere. Ikuskizun mediatikoa «negargarria» izan zela uste du Basabek: «Indarkeria matxista ikuskizun bihurtu zuten hedabide askok, eta emakumeak zuzenean interpelatzen gintuzten. Kalean, sarritan aditzen genuen ‘Nagore nire alaba izan zitekeen’. Neska guztiak ginen Nagore, eta neurriak hartu behar genituen parrandan ateratzean, arriskuak saihesteko; aldiz, inori ez nion aditu ‘Diego Yllanes nire semea izan liteke’. Gizonezkoei ez zitzaien interpelaziorik egin».
Biktima auzitan jarrita, «kulturan errotutako iruditeria oso bati» erreferentzia egiten zaiola uste du Veltek: «Putaren irudia, sexuaren bidez gizon sinplea manipulatzen duen emakumearena… Hori dena ez dago esplizitatu beharrik; ikasia dugu, eta gure kulturaren parte da». Kontakizun horri buelta ematea oso zaila dela dio kazetariak: «Epaiketan, abokatuak esaten duenean biktimak ez ziola erasotzaileari ezetz esan, iruditeria hori ari da iradokitzen».
Hala ere, Laffage hil zutenetik gaurdaino gauza batzuk aldatu direla uste dute bi adituek. «Sexu erasoei ematen zaien erantzunaren artikulazioa nabarmen hobetu da», esan du Veltek. «Iruñean bertan, protokoloak sortu dira, mugimendu feministak gaitasun handiagoa du jende gehiagorengana iristeko, eta informazioa oso azkar hedatzen da». Basabek ere txalotu du mugimendu feministak azken urteetan eginiko bidea: «2008an, feminismoa isildua, seinalatua eta zalantzan jarria zegoen. Ez zuen erakundeen babesik, eta oso zail zuen herritarrengana iristea. Zorionez, hori asko aldatu da azken urteetan».
Hala ere, lortutakoa «arriskuan» egon litekeela uste dute adituek, «indarkeria matxistaren negazionismoa» erakundeetara itzultzen ari dela iritzita: «Ibarrola alkateak aurreko astean eginiko adierazpenak duela hamabost urteko berberak dira: indarkeria matxista gaitzetsi bai, baina argi utzita arazo nagusia zera dela: hiriaren irudiari egiten zaion kaltea», esan du Basabek. Harentzat, Carlos Salvador ultrakatolikoa Berdintasun zinegotzi izendatu izana ere ez da kasualitatea: «Iruñea, azken urteetan, indarkeria matxistaren aurkako erreferente bihurtua zen; horren aurkako erantzuna da izendapena».