Bidasoa Irun hilaren 26an jarriko da martxan
Klubak jakinarazi du, nahiz eta ligan sailkapena ez lortu, Europan jokatzeko eskaera osatu dutela. Horrez gain, lagunarteko partida bat iragarri dute Artalekun abuztuaren 12rako, Melsungen talde alemaniarraren aurka.
Bidasoa Irunek jakinarazi du hilaren 26an hasiko duela 2023-2024 sasoiko denboraldi aurrea, abuztu bukaerara edo iraila hasierara arte luzatuko dena. Bidasoarrek irailaren 9ko eta 10eko asteburuan hasiko dute Asobal Liga, eta 2024ko maiatzaren 25eko eta 26ko asteburuan bukatuko dute. Asobal Kopa abenduaren 16an eta 17an lehiatuko da, eta Espainiako Kopako ibilbidea, aldiz, 2024ko apirilaren 10ean hasiko dute irundarrek.
Aurtengo denboraldian Europa Ligan jokatzeko sailkapena lortu ez badu ere, Bidasoa Irunek Europako bigarren txapelketako hurrengo edizioan parte hartzeko behar den informazioa osatu du aste honetan, eta klubak zehaztu du datorren astean espero dutela erantzuna. Klub irundarrak jakinarazi du “itxaropentsu” daudela azken hilabeteetan egindako kudeaketen ondoren “eskatutako baldintzak” bete ahal izateko eta Bidasoak Europa Ligan bosgarren aldiz jarraian parte hartzeko aukera izateko. Europan lehiatzeko ebazpena baiezkoa bada, abuztuko azken asteburuan eta iraileko lehenean kanporaketa bat jokatzea ekar dezakeela baietsi du klubak. Horrek denboraldi aurreko prestaketa eta partidak baldintzatuko dituela gaineratu dute.
Denboraldi aurreari dagokionez, Artalekun lehiatuko den lagunarteko partida baten berri eman du Bidasoak. Neurketa abuztuaren 12an jokatuko da Irunen, MT Melsungen talde alemaniarraren aurka. Aurtengo denboraldi aurrean, Artalekun jokatuko den Melsungenen kontrako partidaz gain, Gipuzkoan barrena ere ibiliko direla azaldu du klubak. Besteak beste, Egiako Nazioarteko Txapelketan arituko direla aurreratu dute.