Ikurrinez bete da Etorbidearen zubia
Ehun bat herritarrek Jai Alai pilotalekutik martxa egin zuten Etorbidea zubiraino Gure Eskuk deituta, Frantziako Tourrak Euskal Herrian segitu duela aldarrikatzeko. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gidatu zuten zubirainoko bidea.
Frantziako Tourraren hirugarren etapa eta Euskal Herritik igaroko zen azkena izan zen atzokoa. Irundik Hendaiara gurutzatu behar zuen tropelak, Santiago zubitik hain zuzen, eta Gure Eskuk bertatik Bidasoa “batzen duen herria” dela aldarrikatzera deitu zituen herritarrak.
Horrez gain, Euskal Herriak erabaki nahi duela esan nahi zuten ozenki, atzo Gure Eskuko Iñigo Urrutiak azaldu zuen gisan. “Bi aldeetako euskal nortasuna duen jendeak, euskal herritarrok, erabaki egingo dugu. Batzuentzako Bidasoa muga bat da, baina Gure Eskuk aldarrikatzen duena da zubi bat dela, euskal herritarron zubia eta batzen gaituena izan behar du etorkizunean ere. Hala izango da erabakitzeko eskubidea gauzatzen dugunean”.
Hitzordua Santiago auzoko Jai Alai pilotalekuan egin zuten. Jendeak ez zuen huts egin eta ikurrinekin agertu zen, batzuk deialdirako espresuki egindakoak zeinetan ongietourri irakurri ahal zen edota Euskal Herriko armarria zutenak. Agertu dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta txikienak adi-adi egon dira haien esanak entzuten.
Besteak beste, Bidasoa ibaia Euskal Herria batzen duena dela azaldu zieten txikienei, eta ondoren, Pirritxek txistua hartu eta abesten jarri ziren denak. Pailazoek “Euskal Irria” izatea nahi dute nazioa, eta aldarri horri eutsi eta martxa hasi zuten Etorbidea zubiraino.
Hasiera batean plazako jendea soilik batu zen ibilaldira, baina bidean aurrera egin ahala jende asko batzen hasi zen. Ehun bat pertsona elkartuko ziren ziurrenik, abesten eta algaran bidea egitera.. Ibilaldi atseginaren helmuga Etorbidearen zubia izan zen eta goizean bi urte ondoren ireki zutela iragarri bazuten ere, Polizia Frantsesak haien gorputzekin hesi bat egin zutenarekin egin zuten topo.
“Manifestazio bat” zela martxa erabaki zuen poliziak, eta horregatik, ez zieten Lapurdira sartzen utzi. Beraz, ekitaldia zubian bukatu zen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Maite zaitut abestiarekin.