Hiru domina 23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketan
Txapelketa bikaina osatu zuten beste behin Tarragonan lehiatu zuten BATeko bederatzi kirolariek. 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan, aldiz, bederatzi dominarekin itzuli dira etxera.
Asteburuan 23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketak lehiatu ziren Tarragonan (Katalunia) Bidasoa Atletiko Taldeko bederatzi kirolariren parte hartzearekin. Ohikoa den bezala, klub bidasoarreko atletek emaitza paregabeak lortu zituzten, eta, orotara, hiru dominarekin, sei finalekin eta hainbat ohorezko posturekin itzuli dira etxera.
Taldekako sailkapenari dagokionez, Tarragonan izan ziren 103 taldeetatik zortzigarren postuan sailkatu ziren BATeko kideak, 39 punturekin. Urrezko domina bat, zilarrezko bat, brontzezko bat, bi laugarren postu, bosgarren bat, zazpigarren bat eta bi zortzigarren dira asteburuan emandako uzta. Klubaren esanetan, 23 urtez azpiko txapelketak “argi” utzi du BATeko kirolarien “maila bikaina”.
Iker Arozena, Espainiako txapeldun
23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketako emaitza esanguratsuena Iker Arozenak lortu zuen luzera jauziko proban, modalitateko Espainiako txapeldun berria baita. 7,58 metroko jauziarekin bereganatu zuen urrezko domina, eta 23 urtez azpiko Europako Atletismo Txapelketarako sailkatu da.
Ana Pulgarinek, zilarra
Txapelketako bigarren domina Ana Pulgarinek zintzilikatu zuen. 10 kilometroko ibilketako proban bigarren postuan sailkatu zen BATeko atleta, bere betiko marka onena erdietsiz (46:57). Zilarrezko domina poltsikoratzeaz gain, Arozenaren antzera 23 urtez azpiko Europako Atletismo Txapelketarako sailkapena lortu du.
Olaia Becerrilek, brontzea
BATeko parte hartzaileen azken domina Olaia Becerrilek lortu zuen, brontzea zintzilikatu baitzuen luzera jauziko proban. Lehiaketako bere azken saiakeran 6,24 metroko jauzia egin zuen hirugarren postuan sailkatzeko.
Irune Muguruza eta Victoria Briso, laugarren
Kirolean sarritan esan ohi den moduan, Irune Muguruzak eta Vicotria Brisok txokolatezko domina lortu zuten, laugarren postuan sailkatu baitziren beren probetan. Muguruza, bere une onenean ez bazegoen ere, laugarren sailkatu zen 400 metroko hesietako proban. Bestalde, Brisok ere laugarren bukatu zuen proba konbinatuen lehiaketa. BATeko atleta gazteak 300 puntutan hobetu zuen bere betiko puntuazio onena eta Tarragonako laugarren postuarekin Espainiako Txapelketa absolutuan lehiatzeko sailkapena lortu du.
Bi final eta bi finalaurreko
Brisoren antzera, Aitor Fernandez proba konbinatuen finalean lehiatu zen. BATeko kirolaria zazpigarren postuan sailkatu zen 6.244 punturekin, eta bere betiko puntuazio onena lortu eta klubeko errekorra hautsi zuen. Beste finalak Goizane Garciak lehiatu zituen. BATeko atletak jaurtiketako probetako hiru finaletan hartu zuen parte: bosgarren pisu jaurtiketan bere betiko marka onenarekin (12,24m) eta zortzigarren mailuan (46,46m) eta diskoan (39,16m).
Angela Castellek 200 metroko kanporaketetan finalaurrekoetarako sailkapena lortu zuen 25,36 segundoko denborarekin, baina lesio baten ondorioz ezin izan zuen finalaurreko hori lehiatu. Azkenik, Erik Fernandezek ere 200 metroko proban hartu zuen parte. 22,22 segundoko denbora egin zuen bere finalaurrekoan, baina ezin izan zuen finalerako sailkatu.
16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa
23 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketez gain, iragan larunbatean 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketak lehiatu ziren Gasteizen maila horretako denboraldia ixteko. BATeko hainbat kidek hartu zuten parte txapelketan, eta bederatzi dominarekin itzuli dira etxera.
Emaitza esanguratsuenak Egoitz Mikelarenak lortu zituen, bi urrezko domina zintzilikatu baitzituen, 100 eta 300 metroko probetan. Bere taldekide den Markel Garranchok ere txapelketa bikaina osatu zuen, eta bi proba horietan podiumera igo zen Mikelarenarekin batera. 300 metrotan zilarra eta 100 metrotan brontzea dira Garranchoren lorpenak.
Bigarren urrezko domina Hugo Vazquezek erdietsi zuen 1.000 metroko proban, 2:44,88 minutuko denborarekin. Podiumera igo zen azken mutila Jon Gajate izan zen. BATeko kirolari gazteak zilarrezko domina zintzilikatu zuen 100 metroko hesien proban, 15 segundoko denborarekin.
Nesketan, aldiz, hiru dominarekin itzuli dira etxera BATeko kideak. Uzuri Martiarenak bi domina lortu zituen jaurtiketetako probetan. Xabalina jaurtiketan bigarren postuan sailkatu zen, eta diskoan, berriz, hirugarren. Azken domina Mariela Berazak erdietsi zuen, brontzea poltsikoratu baitzuen 300 metrotan.