Abian dira haur eta gazteentzako udako jarduerak
320 haurrek hartuko dute parte Uda jolas eta Uda abenturan. Hondarribiko Udaleko gazteria departamentuak antolatzen ditu.
Eskola amaitu eta uztailean sartzearekin batera hasten dira Uda jolas eta Uda abendura programak. Haur eta gazteek oporraldietan primeran pasatzeko aukera izango dute, beste behin. Guztira, 320 dira programetan parte hartuko dutenak.
Uda jolas haurrei (5 eta 11 urte bitartekoak) bideratutako programa da, eta “jolaserako, dibertsiorako eta bizikidetzarako” leku bat eskaintzea du helburu, bai eta “autonomia pertsonala finkatzekoa” ere. Hilaren 28an amaituko dute.
Uda abentura, berriz, 12, 13 eta 14 urteko gazteei zuzendurik dago. Bi txanda egongo dira: Lehena, uztailaren 3an hasi eta 13an amaituko dute. Bigarrena, hilaren 17an hasi eta 28an amaituko dute. Ekintza guztiak, gainera, euskaraz izango dira.
Igor Enparanek azaldu duenez, datozen hilabeteetan “lanketa berezia” egingo dute udalean hurrengo jardueretan izena ematen duten haur guztiek horietan parte hartzeko aukera izan dezaten. Bi programak Hondarribiko Udaleko gazteria departamentuak antolatzen ditu.