Etorbidearen zubiaren itxiera deitoratu dute Santanok eta Ezenarrok
Zubia ixtearen erabakia ulertzen ez dutela esan dute Irungo eta Hendaiako alkateek. Zubiaren inguruan sortutako egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute ostiralean Etorbidearen zubian, 18:00etan.
Atzo goizean, Frantziako Tourraren etorreragatik Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren aginduz Etorbidearen zubia ireki ondoren, gaur goizean berriro itxi dute zubia Hendaiako aldetik. Itxiera hori dela eta, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea Etorbidearen zubian bildu dira neurria ulertzen ez dutela adierazteko eta zubia berriz itxi izana deitoratu dute: “Ez dugu ulertzen erabakia. Bidasoaren gaineko muga horretan gertatzen ari dena XXI. mendeko Europan zentzurik ez duen anomalia bat da, eta ez dugu inolako justifikaziorik ikusten pertsonen joan-etorria eragozten jarraitzeko, areago 500 kilometro luze den mugan horrelako beste kasurik ez dagoenean”.
Zubiak 2021eko urtarriletik darama itxita, eta ordutik berau irekitzeko hainbat eskaera egin dituztela gogorarazi dute bi alkateek: “Onartezina da egin dutena; izan ere, bi urtetik gora itxita eduki ondoren, atzo ireki egin zuten, eta gaur, berriz itxi dute erantzuteko batere astirik eman gabe”.
Santanok eta Ezenarrok zubia ixteko neurria ulertzen ez dutela errepikatu dute, eta argi utzi dute Etorbidearen zubiaren irekitzea eskatzen jarraituko dutela eta “urrats gehiago” egingo dituztela. Bi alkateek jakinarazi dute ez dutela baztertzen “maila sozial eta politikoan aldarrikapen batzuk egitea Irungo eta Hendaiako bizilagunak iraintzen dituen erabaki lotsagarri hori konpontze aldera”.
Hori dela eta, Etorbidearen zubiaren inguruko egoera salatzeko, elkarretaratzera deitu dute bi alkateek. Ostiralean, hilak 7, bilduko dira Etorbidearen zubian, 18:00etan.