Elkarrekin: "Irungo eta Hendaiako alkateen argazkia lotsagarria da"
Atzo Tourragatik ireki zen Etorbidearen zubia gaur goizean Gendarmeriak berriro itxi duela jakinarazi du Elkarrekinek. Irungo koalizioak Santanoren atzoko "argazkia eta komunikazio engainagarria" baloratu ditu.
Frantziako Tourreko hirugarren etapak Zornotza eta Baiona lotu zituen atzo. Lasterketako pelotoia Irungo Santiago zubitik igaro zen Hendaiara, Iparraldera, eta Tourraren etorreraren harira, bi urtez itxita daraman Etorbidearen zubia ireki zuten atzo goizean Jose Antonio Santano Irungo alkatearen eta Kotte Ezenarro Hendaiako alkatearen presentziarekin. Gaur goizean, baina, Gendarmeriak orain arte jarrita egon den den hesia berrezarri du, oinezkoentzako pasabidea moztuz.
David Nuñok, Irungo Elkarrekin koalizioko udal bozeramaileak, Jose Antonio Santanok atzo Etorbidearen zubian egin zuen “argazkia eta komunikazio engainagarria” baloratu ditu: “Makillaje hutsa izan da, Macronek ez zuen nahi munduak ikustea nola ixten duen legez kanpoko muga bat Frantzia jasaten ari den gertaerekin”.
Zubia berriz ere ixtean, Santanok atzo Twitterren igorritako “argazkia eta komunikazio engainagarria baliorik gabe” geratu dela esan du Nuñok. Publikazio horretan Irungo alkateak zirkulazioaren normaltasuna berreskuratzeaz hitz egiten zuela adierazi du Elkarrekineko udal bozeramaileak. Nuñok nabarmendu du alkatea “inoiz” ez dagoela “argazkirik politenean”, azken urteotan hamar pertsona baino gehiago hil dituen muga irekitzea eskatzen baita bertan “atsedenik gabe”.
Nuño Etorbidearen zubian izan da gaur goizean ordu erdiz, eta hesiak “indartu” dituztela egiaztatu du. Horrez gain, Nuño zubian egon den denboran, hainbat pertsona eta talde bertara hurbildu direla jakinarazi du, “zubia berriro irekita zegoela pentsatuz”. Udal bozeramaileak oinezkoei azaldu die Santanoren “komunikazio maniobra” bat izan zela eta bertako egoera ez dela aldatu, zubiak itxita jarraitzen baitu. “Pertsonak arrazoiz kexatu dira, engainatuta sentitu dira argazkia dela eta”, esan du Nuñok.
Irungo Elkarrekin koalizioak muga irekitzea eskatu du beste behin, eta honakoa oroitarazi dio Nuñok Irungo alkateari: “Santano alkateari gogorarazi nahi diogu Etorbidearen zubia ez dagoela soilik hauteskunde kanpaina egiteko edo Irungo herritarrak nahastera daraman argazki bat ateratzeko. Hori askoz garrantzitsuagoa da, ezohiko egoera Europako Batasunean. Alkate gisa, mugaren behin betiko irekiera erreklamatu behar du, ez bakarrik Tourrerako argazkia ateratzea”.