Egitarau zabala LGTBIQ+ Harrotasunaren egunaren harira
Ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta egun hori dela eta, jai programa zabala ondu dute larunbat honetarako.
Ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta egun horren harira, Txingudik Elkarte Feministak, Eskiña taldeak eta Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaritzak, Gehitu elkartearen laguntzarekin, ‘Irungo Harrotasunaren III. Martxa’ antolatu dute larunbat honetarako, hilak 8, 2021ean eta 2022an egindakoen ildotik. Antolatzaileek nabarmendu dute martxaren helburua dela “Irungo eta eskualdeko LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak eta askatasunak aldarrikatzea eta defendatzea”. LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, jai programa zabala ondu dute, hainbat jardueraz osatutakoa. Hona hemen egitaraua:
- 16:00-19:00: Musika, tailerrak eta bingo draga, Zabaltza plazan.
- 19:00-19:50: Martxa karrozarekin eta batukadarekin, Zabaltza plazatik Urdanibia plazara.
- 19:50-20:00: Manifestua irakurtzea, Urdanibia plazan.
- 20:00: Eskiñako Drag Resort – Drag Queen erregina berria koroatzea, Urdanibia plazan.
- 21:00: La Furiaren kontzertua, Urdanibia plazan.
Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaritza eta jarduerak antolatu dituzten elkarteak bat datoz esatean “ekainaren 28a aniztasuna ospatzeko eta LGTBIQ+ pertsonen eskubide eta askatasunak aldarrikatzeko eguna” dela, eta helburua dela “ekintza eta jarrera LGTBIQ+fobiko oro desagerraraztea eta gizarte toleranteagoak, anitzagoak eta pertsona guztiekiko errespetutsuagoak eraikitzen jarraitzea”.
Irunen antolatu dituzten jarduerak ekainaren 28an hasi ziren, iragan asteazkenean kolektiboaren bandera irudikatu zuen apar festa bat egin baitzen San Juan plazan. Horrez gain, udalak ere LGTBI bandera zintzilikatu zuen udaletxean, eta adierazpen instituzional bat argitaratu zuen udal talde guztien babesarekin.