'Erosi eta ikasi' programaren hamargarren ekitaldia, martxan
Ikasmateriala hiriko dendetan erosteko laguntzak dira, eta gaurtik irailaren 29ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Horrez gain, familien araberako diru sarreren tarteak eguneratu dira, eskatzaile gehiagorengana iristeko.
Irungo Udalak jakinarazi du uztailean berriro aktibatuko dela ikasmateriala hiriko dendetan eros dezaten familiei laguntzak emateko ‘Erosi eta ikasi’ programa. Egitasmoaren hamargarren ekitaldia da aurtengoa, eta gaurtik irailaren 29ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. 200.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo programak.
Honakoa esan du Nuria Alzaga Hezkuntzako ordezkariak ‘Erosi eta ikasi’ programaren inguruan: “Badakigu eskolara itzultzeak gastu handia dakarrela familientzat. Horregatik, aurten ere, familiei eskola materiala erosten laguntzeko deialdia egin dugu: testuliburuak, motxilak, kalkulagailuak… Gainera, nobedade gisa, aurten familia gehiagotara iritsiko gara, zabaldu egin baitugu laguntza horiek jasotzeko diru sarreren muga”.
Irungo Udaleko Hezkuntza arloak gogorarazi du “garrantzitsua” dela egiten diren erosketen fakturak gordetzea. Eskaera egitean faktura horiek aurkeztea beharrezkoa ez bada ere, udalak oroitarazi du beharrezkoa dela erosketen datu batzuk adieraztea, eta, gainera, prozesuan zehar eska daitezkeela. ‘Erosi eta ikasi’ programa umeak Irunen erroldatuta dituzten familientzako dela adierazi du udal erakundeak, Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleentzako zuzenduta dagoena (Lehen Hezkuntza, DBH eta Oinarrizko LH). Izapidea udaleko egoitza elektronikoaren bidez, Irun Txartelarekin edo beste sinadura elektroniko baten bidez egin behar da.
Honakoak dira diruz lagundu ahal izango diren gastuak: koadernoak, orriak, artxibategiak, kutxatilak, kalkulagailuak, konpasak, motxilak, testuliburuak, eskola uniformeak, gorputz hezkuntzarako arropa eta oinetakoak eta arte hezkuntzarako, plastikarako eta ikus hezkuntzarako teknologietarako edo musikarako eskulanetarako gauzak (argizariak, olioak, pinturak edota pintzelak). Udalak nabarmendu du 2023ko ekainaren 22tik irailaren 29ra bitartean Irungo saltoki edo ikastetxeetan ikasmateriala erosteko izandako gastuetarako izango dela diru laguntza.
150 eurorainoko laguntzak
Udalak zehaztu du ohiko diru sarrera tarteak eguneratu direla, eta zabaldu egin dela familia unitateko errentaren muga. Eguneratze horri esker, udal erakundeak baietsi du Irungo familia gehiagok jasoko dutela diru laguntza.
Lehenengo tartean, ikasle bakoitzeko 150 euroko diru laguntzak emango dira 27.000 eurorainoko diru sarrera gordinak dituzten familia guztientzat. Bigarren tartean, ikasle bakoitzeko 125 euroko laguntzak emango dira 39.500 eurorainoko diru sarrera gordinak dituzten familia guztientzat. Hirugarren tartean, aldiz, laguntzak 100 eurokoak izango dira 52.000 eurorainoko diru sarrera gordinak dituzten familia guztientzat.
Honakoa da diru laguntzak eskatzeko prozedura:
- Irun Txartela: Irungo Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) webgunean.
- Autozerbitzu terminalak: HAZeko bulegoko sarreran (San Martzial kalea), Palmera Montero gunean eta Anakako eta Kateako Kutxabankeko bulegoetan.
- Nahikoa da erosketa fakturak edo tiketak eta laguntza sartzeko kontu zenbakia eskura izatea (ez dago erantsi beharrik).
Kudeaketan arazo bat izanez gero, 010 – 943 50 51 52 telefonoetara dei daitekeela esan du udalak. Telefono zenbaki horretan online tramiteetan lagunduko zaiela zehaztu dute. Honakoa da telefonoaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.